Protokoloa azkar egin izana salatu dute. (Argazkia: Malen Aldalur)
Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeekin esku hartzeko protokoloaren zirriborroari “dozenaka zuzenketa” aurkeztu dizkio
EH Bilduk. Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotziak azaldu du ostiralean aurkeztu nahi duela udal gobernuak eta “korrika eta presaka” egin dutela.
Sampedrok gogorarazi du sexu askatasunaren aurkako delituak hirian %9,3 igo zirela 2016an eta 2017ari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren arabera, lehen sei hilabetetan datu horiek bikoizten ari direla nabarmendu du. “Tamalez, indarkeria matxistaren aurkako borrokan atzean geratzen ari gara”, azaldu du Sampedrok.
EH Bilduk pasa den legealdian zirriborroa “ia amaituta” utzi zuela azpimarratu du EH Bilduko zinegotziak: “Udal gobernuaren eskuetan zirriborro oso aurreratua utzi genuen; orduz geroztik, bi urte luze kajoian egon ondoren, badirudi azken egunetan tramitazioa azkartu dutela eta aste honetan aurkeztu ahal izango dutela”. Sampedrok gaineratu du urriaren 20an helbide elektronikoz jaso zutela proposamena Berdintasun Kontseiluko kideek, “inolako aurkezpenik gabe”. Bertan, ekarpenak egiteko epea azaroak 6ra arte zela zehazten zen: “Denbora tarte txikia izan arren, zuzenketa eta ekarpen asko aurkeztu ziren, tartean, EH Bilduren dozena batzuk”. Sampedrok dio ostiral honetan aurkeztuko dutela protokoloa eta zuzenketa batzuk onartu direla esan badiete ere, dokumentu definitiboa onartzeko azken tramitea “era ilunean” egin izana salatu du.
“Berandu eta gaizki” ari direla uste du EH Bilduk: “Udal gobernuak gai honetan lan egiten duten eragile sozialen eta mugimendu feministaren babesik ez duela lortu azpimarratu behar da”. Sampedrok uste du herritarren ordezkari nagusien ardura “askoz handiago” izan beharko litzatekeela.
Azkenik, azaldu dute protokoloaren jardun gida irekia izatea eskatzen dutela:
“Donostiak indarkeria matxistaren aurkako protokolo askoz anbiziosoagoa eta eraginkorragoa behar du”.