dBizi zerbitzuaren geltoki bat, Groseko San Frantzisko kalean. (Argazkia: N. Lizarralde)
Urrian dBizi-ko bizikleta zerbitzuaren aurkako aurkako “bandalismoak” gora egin duela ohartarazi du Donostiako Udalak. Izan ere, bakarrik urrian 19 bizikleta desagertu dira, eta lapurreta kasu gehienak Groseko, San Frantzisko kaleko bi geltokietan eman dira. dBizi zerbitzua 2013an jarri zuten abian eta geroztik 113 bizikleta desagertu dira. Lehen bi urteetan ez zen ia arazorik izan, baina 2015ean hasi ziren horrelakoak gertatzen. Urte hartan 62 txirrinda desagertu ziren; 2016an, 9 txirrinda; eta 2017an, 47 txirrinda.
Mugikortasun saila Udaltzaingoarekin eta Bonopark enpresa esleipendunarekin batera lanean ari da segurtasuna indartzeko eta zerbitzu honen aurkako erasoak eta lapurretak ez gertatzeko.
Bestalde, dBiziren zerbitzua hobetzeko lanean jarraitzen dutela azaldu du udalak. Izan ere, zerbitzu honek 2.615 –2017aren hasieran 2.200 ziren, beraz, erabiltzaileen kopurua igotzen ari da– erabiltzaile ditu, eta oro har, pozik daudela dio udalak.
Besteak beste, bizikleta kopurua handitzea aztertzen ari dira. Bizikleta elektrikoez gain, bizikleta arruntak ere jartzeko aukera jarri dute mahai gainean. Beste hiri batzuetako ereduei begira jarri dira eta bi bizikleta mota hauek uztartzeko asmoa azaldu dute. Goiko auzoetan bizikleta elektrikoak lehenetsiko lituzkete, eta Erdialdeko ibilbideak egiteko, berriz, arruntak.