Argazki erakusketa zabala osatu zuten, urtez urteko irudiekin. (Argazkia: Claret ikastola)
Groseko Claret ikastolak 90 urte bete berri ditu. Urtemugaren aitzakian, ospakizuna egin zuten igandean, ikastolaren bueltan, eta ederki pasa zuten ikasle ohi eta egungoen artean. Gainera, ikastolak badu gaztetxoen aisialdirako talde bat, Urrats izenekoa, eta 30 urte bete ditu, beraz, festarako aitzakiarik ez zitzaien falta.
Goiza hasteko, haurrentzako jolasak antolatu zituzten Urratseko kideek. Geroxeago, eukaristia ospatu zuten ikastolaren elizan. Ikastolako kide askok parte hartu zuten elizkizunean, ilusioa egiten baitzien, halako egun berezia izanik: gurasoak, ikasleak, abesbatza…
Argazki zahar eta berriagoekin erakusketa zabala prestatu zuten, eta gustura ikusi zituzten guztiek ere, oroitzapenak freskatuz. Otordutxo bat ere egin zuten ikastolara hurbildutako guztiek elkarrekin, eta 16:00ak aldera arte elkarrekin egon ziren.
Duela bi urte aldatu zuen izen korporatiboa ikastolak. Hasieran, Corazon de Maria izan zen, baina segituan aldaketa egin zuen D eredura, eta Miren Bihotza bihurtu zuten. Duela bi urte Claret ikastola jartzea erabaki zuten, claretarrek sortu baitzuten eskola, duela 90 urte. Gaur egun, 3 eta 16 urte bitarteko ikasleak ditu Claretek, eta, guztira, 215 ikasle inguru dituzte, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.