Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarauak antolatu dituzte hiriko hamabost auzotan
150 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Euskararen Egunaren inguruan. Gainera, jarduera horiek antolatzearekin batera, Donostiak Euskal Herri osoan aurrera eraman nahi den Euskarak 365 egun dinamikarekin bat egin eta honen aurkezpena egingo du abenduaren 2an, 12:00etan, Donostiako Udalbatza aretoan egingo duen ekitaldian. Bagera elkarteak abenduaren 3an egingo du, 13:00etan, Plaza Berrian. Ezagutzatik erabilerara jauzia emateko dinamika izango da, instituzioak eta gizarte eragileak elkarlanean aurrera eramango dutena.
Euskarak 365 Egun dinamika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleen Topaguneak martxan jarriko dute aurtengo Euskararen Egunetik aurrera. Ezagutzatik erabilerara jauzia emateko dinamika izango da, instituzioek eta gizarte eragileek modu koordinatuan eta elkarlanean aurrera eramango dutena. Miren Azkarate Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotziaren esanetan, “euskara gehiago erabiltzea nahi dugu eta horretarako hizkuntza ohituren aldaketa esanguratsua lortzeko proposamen bateratu bat egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra 11 Egun Euskaraz izeneko ekimena antolatzea ahalik eta herri eta hiri gehienetan”.
Donostiari dagokionez, Bagera elkarteak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak erronkari heldu eta ekimena abian jartzeko asmoa dute. Ekimen honek segida emango dio aurten, egun hauetan, Altza hadi 21 egun euskaraz eta Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon martxan daudenei. Azkaratek adierazi duenez, “Egia auzoan jaio zen egitasmoa eta aurten Altzan eta Intxaurrondon egiten ari direna datorren urtean Donostia osora zabaltzea da erronka”.
Aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarauak antolatu dituzte hiriko hamabost auzotan. Jarduera gehienak abenduaren 2an eta 3an egingo diren arren, zenbait lekutan azaroaren 24tik aurrera hasiko dira gauzak antolatzen. Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean egitaraua antolatzera animatu direla esan du zinegotziak: “Auzo horietan batzordeak sortu dituzte egitaraua prestatu eta aurrera eramateko. Guztira, 65 bat eragile ari dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta kopuru garrantzitsua da oso”.
Horretaz gain, Bagera Elkarteak abenduaren 1ean Mintzodromoa antolatu du San Telmo Museoan. Goizeko 10:00etan eta 11:00etan izango dira txandak. Oraingo honetan euskara ardatz hartuta, hiztunek egunerokotasunean dituzten hizkuntza ohituren inguruan arituko dira. Ohi bezala, euskara praktikatu nahi duten ikasleekin aritzeko laguntzaileen premia izango dute. Beraz, animatuz gero, jarri Bagerarekin harremanetan. Azkenik abenduaren 3an, erromeria egingo dute 18:30etik aurrera Parte Zaharreko Plaza Berrian.