Intxaurrondoko aisialdi taldea sortzen ari dira
Intxaurrondoko auzokide batzuk aspalditik ikusi izan dute auzoan aisialdi talde bat sortzearen beharra. Bada, aurten, pauso bat ematea erabaki du auzoko gazte talde batek, eta, gutxinaka, ari dira aisialdi taldea sortzen. Hainbat bilera egin dituzte horren harira, eta euren asmoak eta nahiak azaleratu dituzte bertan. Hala, eta errealitate bilakatu daitekeela erakusteko, jarduera batzuk egiten hasi zitezkeela pentsatu zuten. Igandean egin zuten lehenengo saioa, eta familia zein haurren harrera oso ona izan zela nabarmendu dute antolatzaileek.
«Helburuetako bat da harremanak sortzea familia, haur eta hezitzaileen artean», esan du taldeko kide Larraitz Esnaolak. Bernart Etxepare plazan elkartu ziren bertaratutako guztiak igandean, eta elkar ezagutzeko jolas batzuk egin ostean, Otxoki parkera joan ziren. Bandera jolasa, animali jolasa, xaboi burbuila erraldoiak, jolas librea… Gozatzeko aukera ugari izan zituzten, eta mokadutxo baterako tartea ere izan zuten.
«Oso garrantzitsua iruditzen zaigu lehenengo harreman hori. Nahiz eta gehienak ezagunak izan, interesatzen zaigu jakitea beraiek zer nahi duten, hau da, auzoko familien beharrei erreparatzea. Azken batean, auzoa elkartzeko modu bat izatea nahi dugu», amaitu du Esnaolak. Abenduaren 17an izango da hurrengo hitzordua, 10:00etan, Bernart Etxepare plazan.