
Topoaren igarobidearen aurkako pintada Antiguan, lanak hasi nahi dituzten gunean. (Argazkia: Gelditu Metroa Antiguan)
Ostegunean asanblada irekia egingo du Satorralaiak Antiguako Zarautz etorbidean, 17:00etan. Hain zuzen toki honetan iragarri dute hasiko dituztela
topoaren igarobidea egiteko lanak. Proiektu honen aurkako erantzuna bultzatu nahi du Satorralaiak.
Momentuz hesi batzuk jarri dituzte inguru honetan. Satorralaia bizilagunen mugimenduak salatu du eremu kaltetu honetako zuhaitzak botatzeko hesitu dutela ingurua: “Hori al da joan den l
arunbatean egindako manifestazio jendetsuari Eusko Jaurlaritzak ematen dion erantzuna?”.
Herritarrentzako informazio gune bat jarri dute Zarautz etorbidean eta osteguneko bileran parte hartzeko deia egin dute, topoaren igarobidea egiteko proiektua gelditzeko.
Bestalde, Satorralaiak salatu du Eneko Goia alkateak ezezkoa eman diola topoaren igarobidea eta Donostiako garraio publikoaren inguruko eztabaida irekitzeko eskaerari.
Osoigo.com plataforma digitalaren bidez Donostiako Udaleko bost ordezkariri galdera bat egin diete:
Metroaren eta Donostiak behar duen garraio ereduaren inguruan partehartze prozesu bat irekitzeko konpromisoa hartuko zenukete?. Eneko Goia alkateari, PPko Miren Albisturri, Irabaziko Loic Alejandrori, EH Bilduko Olaia Duarteri eta PSE-EEko Ernesto Gascori egin diete galdera. Eneko Goiak ezezkoa eman duela dio Satorralaiak, eta Albisturrek eta Gascok ez dute erantzun. Duartek eta Alejandrok erantzun dute partaidetza sustatzea beharrezkoa dela.