Berenice Abbott argazkilariaren 'Topografiak' erakusketa ireki dute Kutxa Kultur Artegunean
Berenice Abbott (AEBak, 1898-1991) argazkilariaren ibilbidea errepasatzen du ‘Topografiak’ erakusketak. Artearen historiako liburuetan ahazturiko emakumezko artista honen lana eta pertsona ezagutzeko aukera izango du bisitariak. Artistaren lehen urteak ezagutuko ditu lehen zatian: Parisen, Belle Epoque garaian, gizarte intelektual eta artistikoko pertsona ospetsu ezagunen erretratugilea izan zen.
Bigarren atalean haren argazki zientifikoak ikusiko ditu.Gutxi ezagutzen diren lanak, Berenice Abbottek bere garaiko zientzia-aurrerapenekiko zuen interesaren emaitza. Hainbat fenomeno fisikori buruz hark egindako argazkiek ulergarri egiten dute Zientzia begi profanoetarako.
Erakusketaren hirugarren atala bigarren solairuan dago, eta haren lan eta proiektu pertsonal handia erakusten du: Changing New York. Berebiziko dokumentua da New York hiriaren eraldaketaz XX. mendearen lehen herenean. ‘Topografiak’ erakusketa martxoaren 25era arte izango da zabalik.