(Argazkia: Nerea Lizarralde)
Loiola auzoa bi zatitan banatzen zuen trenbide-trintxera desagertu egin da, eta libre geratu den gunea urbanizatu egin dute. 17.600 metro koadroko espazio publikoa inauguratu dute gaur. Arantxa Tapia sailburuak nabarmendu du lan hauei esker berdegune eta parke gehiago lortu dituela Loiolak eta Donostiako Udalari eskertu egin dio proiektu honetan egindako ekarpen tekniko eta ekonomikoa. Herritarren gozamenerako eta erabilerarako irabazitako toki berriak gune berdeak, haurrentzako jolasak, bidegorria, bizikletak aparkatzeko tokia eta atsedenerako guneak ditu.
Eneko Goia alkateak Loiolako bizilagunei eskerrak eman dizkie zazpi urtez luzatu diren lanak bukatu arte izan duten pazientziarengatik. Loiolatarrak askotan atera behar izan dira kalera ‘Lanak bukatu’ lelopean.
Artxiboko irudi bat. Loiolako bizilagunak lanak bukatzeko eskatzeko kalera atera dira askotan.
Loiolako tren geltokia «zaharkitua» zegoela eta, 2010ean obrak hasi zituzten auzoan, eta helburu nagusia, auzoa bitan banatzen zuen horma kentzea izan zen. Kontua da, obrak hasi eta urtebetera, Eusko Jaurlaritzan gobernu aldaketa egon zela;?hau da, EAJren agintaritzaren lekukoa PSE-EEk hartu zuela. Trantsizio horretan, ez zuten aurrekonturik aurreikusi Loiolako proiekturako. Horrela, legegintzaldi oso bat igaro zen, Loiolan obrak geldirik zeuden bitartean. «Mugitzen hasi ginen, Euskal Trenbide Sarearekin harremanetan jarri ginen, eta Antonio Aiz Garraio kontseilari ordearekin», oroitu du Alonsok. Ondoren, mobilizazioak hasi zituzten. Ernesto Gasco bera ere eraman zuten auzora, azalpenak ematera. Patxi Lopezen gobernuan Garraio arduraduna izan zelako, eta, ondoren, udal zinegotzia. Jaurlaritzako hurrengo legegintzaldian, berriro hasi zen mugitzen topoaren kontua, 2013-2014an. «Dirua sartu zenetik, dena azkar joan da, eta epeak bete dituzte», dio Aierbek. Alonsok gainera, eskertu nahi die ETSkoei beraiekin izan duten jarrera: «Sekulako lana egin dute, langileak igandeetan ere lanean aritu dira. Aldaketaren bat egin behar bazuten, deitzen ziguten obrak ikusteko, eta oso ongi portatu dira gurekin. Gainera, obra bukatzeko gogoz zegoenez jendea, ez da kexurik egon soinuengatik edo eragozpenengatik».
Goiak adierazi du Donostiako Udalak Loiolan dituen proiektuak egingo dituela, eta bulebarizazio lanei ekingo diotela. Aitor Garitano ETSko zuzendari nagusia, Imanol Leza Euskotreneko zuzendari nagusia, Enrique Ramos Hirigintza zinegotzia eta Jon urbieta Loiolako kultur etxeko zuzendaria ere egongo dira inaugurazioan. Bide-zubitik ibili eta urbanizazioa eta tren geltokia bisitatu dituzte. Ondoren, festa txiki bat egin dute bizilagunentzat, bide-zubiaren azpian.