"Nazkatuta gaude emakumeon kontakizunak zalantzan jartzeaz"
Zure egia gure eginez lelopean manifestazio jendetsua egin dute Donostiako erdialdean. Indarkeria matxista arbuiatzeko atera dira ehunka lagun, eta ozen entzun dira lelo feministak: ‘Alerta! Donostiako borroka feminista kalean da’, ‘Akosatzea ez da ligatzea, ‘Hemen gaude, guk ez dugu bortxatzen’, Ezetz ezetz da’, ‘Nik sinisten dizut’…
Salatu dute indarkeriak asko direla eta hainbat modutan eragiten dietela emakumeei: “Indarkeria da kaleko jazarpena, etxera bueltan babestera behartzen gaituena; indarkeria da gure jaietan jasaten dugun sexu indarkeria, bikote harremanetan zein neskatilen aurka bizi ditugun askotariko indarkeria egoerak. Indarkeria da enpresetako jazarpen sexista”, adierazi dute manifestazioaren bukaerako irakurketan.
Eskerrak eman dizkiete lekukotzak publiko egin dituzten emakumeei eta eskatu dute emakumeen kontakizunak ontzat emateko: “Esan nahi diegu haien hitza gure egia dela, nazkatuta gaudela emakumeon kontakizunak zalantzan jartzeaz, eta guri ez digutela ezer frogatu behar. Haien ausardiak emakume guztioi ematen digu indarra, eta guretzat biktimak dira, zalantzarik gabe, baina horrez gain, bizirik atera diren emakume ausartak dira”.
Protestaren buruan izan dira Bangladeshtik etorritako hiru emakume. Pasaiako Bekoz Beko elkartearen bidez Euskal Herrira etorri dira euren kontakizuna partekatzera. Tunisiatik etorritako emakume talde bat ere izan da. Modu honetan, beste herrialdeetako borroka feminista ikusgarri egin nahi izan dute Donostian. Eurek eutsi dute protestaren pankarta. Donostiako Asanblada Feministak azaldu du bizirik irauteko gogor egin behar izan dutela borroka eta emakumeek elkarri lagundu diotela.
Agurtzane Delgado eta Ainhoa Mujika presoak ere izan dituzte gogoan. Granadako Alboloteko espetxean jasaten ari diren diskriminazio matxista eta espetxe sistema patriarkala salatu dute.
“Erakundeen indarkeria” gogor salatu dute, emakumeak berriro biktimizatzen dituztela esanez: “Epaitegietan zailtasunak jartzen dizkigute, horrek babesik gabe uzten gaitu eta gainera e dituzte gure kontakizunak kontuan hartzen”.