Salatu taldea sortu du Parte Zaharreko gazte asanbladak
Salatu izeneko taldea sortu du Parte Zaharreko gazte asanbladak. Egunerokoan bizi dituzten “milaka injustizien” aurrean “ezikusiarena” egiteari utzi eta arazoen identifikazioaz sistema salatu nahi dute. Azaldu dute asko direla zapalkuntzak hartzen dituen formak: “Hala ere, kapitalismo bakarra dugu, eta zapalkuntza ezberdin oro osotasun bakarraren baitan kokatzea beharrezkoa da”.
Gai ugari landu nahi dituzte: “Pausoz pauso, hausnartu eta hausnartu eta salaketaz salaketa, errealitatea bere osotasunean ulertzeko eta iraultzen hasteko helburua dugu”. Hori dela eta, parte hartzeko deia egin dute: “Animatu eta batu ditzagun zapalkuntza guztiak, batu gaitezen zapaldu guztiok eta ekin diezaiogun sistemaren salaketa bateratuari”.
Abenduan errefuxiatuen gaiari helduko diotela azaldu dute: “Salatzaileok dauzkagun zoriontasun eta berotasun izpiak munduan noraezean bizi diren errefuxiatuei bideratu nahian, abendu osoko plagintza garatu dugu”. Jarduera horiek abenduaren 15ean 23an eta 24an egingo dituzte.
Egitaraua
Abenduak 15:
18:00.- Bideo emanaldia eta hitzaldia, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen eskutik. Konstituzio plazan.
Abenduak 23
10:00etatik 20:00etara.-Janari bilketa erraldoia Bulebarrean. Pintxo solidarioak, musika…
17:00.- Elkartasun argazkia
18:00.- Argazki erakusketa eta bideo emanaldia
Abenduak 24:
10:00etatik 20:00etara.-Janari bilketa erraldoia Bulebarrean. Pintxo solidarioak, musika…
18:00.- Argazki erakusketa eta bideo emanaldia