Donostiarrek abenduaren 11tik aurrera bozkatu ahal izango dute, udalaren webgunean eta Udalinfoko bulegoetan.
2018ko Urrezko Danborrerako hautagaiak.
101 hautagai proposatu zituzten herritarrek Urrezko Danborrerako. Bada, Bozeramaile Batzordeak bost aukeratu ditu jada: Maialen Chourraut kirolaria, Esther Ferrer artista, Dolores Redondo idazlea, Richard Oribe igerilaria eta Alicia Amatriain dantzaria.
Aste honetan zehar, udala hautagaiekin jarriko da harremanetan, saria jasotzeko duten borondatea ezagutzeko. Abenduaren 11tik 17ra herri bozketa egingo dute. Behin bozketa amaituta eta prozesua egiaztatuta, hautagai irabazlearen izena argitaratuko da, eta abenduaren amaieran udalbatzak irabazlea berretsiko du.
Bozketan Donostian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako donostiarrek parte hartu ahal izango dute. On-line eman ahalko da botoa, Udalaren webgunean, eta Udalinfoko bulegoetan (Altza, Easo, Morlans eta Udaletxea) eta Herri Partaidetza sustatzeko Easoko bulegoan ere bozkatu ahalko da. Bertan, laguntza teknikoa egongo da on-line plataforma bidez bozkatu ahal izateko. Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahal izango du, eta horretarako hainbat datu eskatuko zaizkio. Horrenbestez, “pertsona bat boto bat” printzipioa bermatuko da.