Federico Garcia Lorca pasealekua. (Argazkia: Hitza)
Federico Garcia Lorca pasealekuko radarra abian jarri zenetik bi aste igaro dira eta, nahiz eta Mugikortasun saila lehen hilabeteko datuen zain dagoen balorazio zehatzago bat egiteko, jada nabaritu dute auto askok baimendutako abiadura muga gainditzen dutela: “Radarra azaroaren 14ean martxan jarri zen eta data horretatik hona ikusi dugu arau-hausteak asko direla. Hori dela-eta, berriro ere gogoratu nahi dugu hirian baimendutako abiadura muga 50 km/o-a dela”, adierazi du Pilar Aranak.
Radarra kale honetako 9. zenbakiko atariaren ondoan dago, hain zuzen ere, bidearen ezker aldean. Bertan, kutxa bat dago, bide-anitzeko radarra duen kutxa. Eta radar honek ibilgailu bakoitzaren abiadura neurtu dezake, nahiz eta bi ibilgailu parean joan eta, gainera, gauez ere abiadura modu horretan neurtu dezake.
Zergatik jarri zuen udalak radarra gune honetan? Alde batetik, abiaduraren, trafiko kopuruaren eta hirian trafiko gehien dagoen orduen gainean egindako azterketaren emaitzak kontuan hartuta. Azterketa horren emaitzak honakoa erakutsi zuten: ibilgailuen erdia baino gehiagok baimendutako abiadura gainditzen zuten (50 km/h). Eta bestetik, kontuan hartu ditu bi gune horietako auzo-elkarteen eskaerak. Elkarteek eskatzen zuten neurriak hartzeko bi bide horietan abiadura moteltzeko.
Baimendutako abiadura gainditzeagatik jarri daitezkeen isunak 100 eta 600 euro artekoak dira, eta horri gehitu behar zaio gida-baimenaren puntuak galtzeko aukera.