EH Bilduko bozeramaileak agerraldia egin du udalaren eta aldundiaren ustezko interesak salatzeko
(Argazkia: I. Esnaola)
Miramar Jauregiarentzako erabilera berriak erabakitzeko prozesua abian da, eta EH Bilduk agerraldia egin du egon daitezkeen interes batzuk kritikatzeko. “Urteotako ibilbide bati itxiera eman ondoren, eta etorkizunari begira jarri behar den unean, bere etorkizuna kolokan jar dezaketen erabakiak aurrera eta atzera doaz”, salatu du Amaia Almirall bozeramaileak.
Eusko Jaurlaritzak Miramar Jauregia kudeatzen duen Partzuergoa uztea erabaki du. Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Jaurlaritzak berak osatu dute orain arte Partzuergoa. Horren harira, EH Bilduren udal taldeak mozio bat aurkeztu zuen azken udalbatzarrean, eta udal talde guztien babesa jaso zuen. “Mozioak eskatzen zion Udal Gobernuari eskura dituen baliabide guztiak erabiltzeko, Eusko Jaurlaritzak Miramar Partzuergotik alde ez egiteko”, azaldu du Almirallek.
Jaurlaritzak Partzuergoa uztea “ulertezina” dela gaineratu du, Musikene bertatik joan arren, 2001ean sortu zelako eskola. “Erakundeek Jauregiaren ardura hartu eta bi hamarkada pasa ondoren”, esan du Almirallek. Testuinguru horretan, udalak eta aldundiak Miramar Jauregiaren etorkizunari begira, hotel bat jartzea aukera bezala ikusten dutela adierazi du EH Bilduko bozeramaileak. “Bertan egin daitezkeen kongresu eta ekitaldiei buruzko asmoek hori jasotzen dute, atzo Kursaaleko Kontseiluan entzundakoaren arabera”.
Almirallek berretsi du Jaurlaritzak Partzuergoa uztea ez ela ulergarria, eta Miramar Jauregian hotel bat jartzea ez dela bidea. “Donostiak ez du beste hotel bat behar, eta Miramarrek ere ez”.