SADE: "Hasierako proposamena bertan behera utzi du udalak"
Arte Ederren eraikinaren jabeak etsipena adierazi du udalarekin akordiorik ez lortzeagatik
Donostiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi du Arte Ederren eraikinaren inguruan ez duela akordiorik lortu SADErekin. Orain, bada, epaitegien esku geratu da eraikinaren etorkizuna, berriro ere bide judizialetik egingo baitute. Arte Ederren jabe den SADE enpresak ere bere etsipena adierazi du udalaren erabakiaren aurrean: “Udalbatzak Arte Ederren eraikinerako egin zuen hasierako proposamena bertan behera utzi du, bost hilabeteko negoziazio prozesuaren ostean”.
Zehazki, udalak 1995ean izan zuen bizitegi erabilera berreskuratzea proposatu zuen, 300 eserlekuko zinema aretoa eraikitzearen eta jatorrizko eraikinaren estetika zein fatxada nagusia mantentzearen truke. Azaldu dutenez, baztertutako proposamenak eraikinaren kanpoko itxura mantenduko luke, gaur egungo beharretara egokituz, bi pisu gehiago eraikiz eta alboko fatxada eraitsiz. Fatxada horiek berreraiki egingo lirateke antzeko estetikarekin eta hutsuneak behar berrietara egokituz: “SADEren interesetik urrun zegoen proposamena, baina udalbatzarekin akordio batera iristeko helburuarekin onartu genuen. Aukera horrek Amarako auzoari erakargarritasun kultural handiagoa emango lioke, eta, udalak eskatu zuen moduan, Arte Ederren eraikinak zinema berreskuratzea ahalbidetuko dute”.
Eraikinaren erabilera
Bestalde, enpresak gogorarazi du udalari 13,7 milioi euro erreklamatzen zizkion salaketa alde batera utzi zuela “borondate oneko keinu gisa”. Orain, udalak hasieran egin zuen proposamena onartu ez duela ikusita, altxor publikoak enpresari kopuru hori ordaindu behar izateko arriskua agertu dela dio SADEk. Eraikina museo edo antzerako kultura ekipamendu gisa erabiltzea eskatzen dutenek eskaera administrazio publikoari zuzendu beharko liokeela mantentzen du SADEk, eurek egin beharko lituzkeelako eraikinaren erabilera eta kudeaketa martxan jartzeko beharrezko eraikuntza lanak. “Eraikina erosi edo trukatu egin beharko litzateke eraikuntza lanak egiteko. SADEk ez dizkio ateak itxi aukera horri, baina ez du inoiz jaso halako eskaintzarik modu ofizialean”.