Tailerrak eta antzerkia izango dira nagusi Bidebietan
Gazte, haur zein familientzako jarduerak prestatu dituzte auzoan Euskararen Eguna ospatzeko.
Euskararen Egunaren harira, pasa den larunbatean jada egin zuten jarduera mordoa Bidebietan: Parrandango trikitilariak aritu ziren auzoko kaleak animatzen, kantujira aritu zen Guardaplata tabernaren aurrean, bazkari herrikoia egin zuten eta baita erromeria ere.
Asteburura begira, ostiral eta larunbaterako –abenduak 1 eta 2– egitarau zabala prestatu dute. Ostiralean, gaztelekuko 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoek Euskararen Eguneko murala margotuko dute 17:00etan. Larunbatean, berriz, 17:00etan, Isasa parkea izango da erdigune (eguraldi txarrarekin, frontoia): bertan, familientzako tailerrak egongo dira eta euskaraz irakurtzeko liburuak eskuratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Gaztelekuan, Euskatergories egingo dute, 18:00etan, eta, amaitzeko, Kontadoresen Zurriola Antzerki Eskolako Biga taldeak Urtain antzezlana eskainiko du 19:00etan.