"Txikia denez, denok elkar ezagutzen dugu"
Claret ikastolak 90 urte bete dituela eta, han izan da IRUTXULOKO HITZA. Grosen du egoitza ikastolak, Saguesen, eta apaiz komunitate batetik sortua izan arren, aspalditik D eredukoak direla harro diote bertako kideek, hori ez baita batere ohikoa. Claretek 2-16 urte bitarteko hezkuntza eskaintzen du, 214 ikasle ditu eta 25 irakasle. Protagonistek beraiek eman digute eskolaren berri, hain zuzen, Aitor Kamiruagak, Mikel Rekondok eta Amaia Kapaldegik. “Txikia denez, denok elkar ezagutzen dugu”, dio Kapaldegik. “Partehartzea ere nabarmendu behar da. Talde nahasiak sortzen ditugu, eta erabakiak gero eta gehiago horrela hartzen ari gara. Talde horietan egon behar dira irakasleak, langileak, familiak eta ikasleak”, gehitu du Rekondok.
Elkarrizketa zabala osatu dugu eta ostiraleko astekarian irakurtzeko aukera egongo da, argazki askorekin batera.