Enrique Ramos, besteak beste, aldaketen berri ematen.
Donostiako Udaleko Hirigintza sailak hurrengo Etxebizitza Planean egingo dituen aldaketen berri eman du. Horietako bat da, etxebizitzak bereizteko behar den metro kopuru gutxienekoa murriztuko duela.
Enrique Ramos Hirigintzako zinegotziak azaldu du aldaketa: “Gaur egun, etxebizitza bat bereizi ahal izateko gutxieneko metro kopurua 130-135 metro karratu dira. Gure asmoa da, datorren urtetik aurrera, 100 metro karratu izatea eta, hortaz, etxebizitza batetik, 50 metro karratuko bi etxebizitza egin ahal izatea”.
Aldaketaren ondorioz, donostiar askok aukera gehiago izango dute bizitza osoan beraien etxebizitzetan jarraitzeko. “Etxebizitzak bereizteko gutxieneko metro kopurua murriztuz gero, beren jabeek bereizketatik sortutakoetako bat saldu ahal izango dute edo, bestela, alokatu, edo beren seme-alabak nahiz bestelako senitartekoak bertan bizi ahal izango dira, eta horrela gerakina eta laguntzak izango dituzte”, esan du Ramosek.
Datuen arabera, Donostian, 2,3 lagun bizi dira, bataz beste, etxebizitza bakoitzean. Bestalde, 60 urtetik gorako 5.000 pertsona baino gehiago bakarrik bizi dira hirian, eta kasu askotan etxebizitza handietan. “Helburua da, azken finean, pertsona horiei laguntzea bizimodu hobea izaten, eta hirigintza sostengagarria bultzatzea”, argitu du Ramosek.
Etxebizitza Plan berria, ondo bidean, urtarrilean aurkeztu eta lau hilabete pasa baino lehen onartuko dela esan du Ramosek. “Baliteke Aste Santuaren inguruan araudi berri bat izatea, lantzen ari garen aldaketak jasoko dituena”. 2017an 606 lizentzia onartu dira etxebizitzetarako.