Ez da nolanahiko urteurrena Claret ikastolarena, izan ere, 90 urte bete berri dituzte eskolak berak eta parrokiak, eta bertatik jaiotako Urrats aisialdi taldeak 30. urtebetetzea ospatu du.
Mikel Rekondo, Amaia Kapaldegi eta Aitor Kamiruaga. Claret ikastola.

Mikel Rekondo, Amaia Kapaldegi eta Aitor Kamiruaga, Groseko Claret ikastolako harreran. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Groseko Claret ikastolarekin lotura zuzena dute Aitor Kamiruagak, Mikel Rekondok eta Amaia Kapaldegik. Rekondo irakaslea da, azken zazpi urtean pastoraleko arduraduna, eta Urrats aisialdi taldeko ikastolako ordezkaria. Kapaldegi ikasle ohia da, eta Urratseko begiralea. Kamiruaga claretarra da, musikako irakaslea izan zen, eta zuzendari orokorra da duela lau urtetik. Claret ikastolak 2-16 urte bitarteko hezkuntza eskaintzen du, 214 ikasle ditu eta 25 irakasle. Protagonistek beraiek eman digute historia eta istorioen berri.
Zeintzuk izan ziren eskolaren hastapenak?
Kamiruaga: Claretarrak iritsi ziren Donostiara 1924an, eta Parte Zaharrean kokatu ziren. Han izan zuten euren komunitatea eta eskolak ematen zituzten etxe batean. Gero, behin betiko egoitza egiteko Gros aukeratu zuten. Gros eta Sagues ez ziren orain ezagutzen ditugun bezalakoak, hirigunetik aparte geratzen zen inguru hau, hiltegia zegoen, hondartzarik ez zegoen… eta nahiko utzia zegoen. Gure aukera izan zen auzo hau nahiko txiroa zelako, eta hemen ez zegoelako ez eskolarik ez parrokiarik. Horrela, 1927an estreinatu zituzten Corazon de Maria [Mariaren Bihotza] ikastetxearen egoitza eta parrokia. Ireki zutenean, ikasleak mutilak bakarrik ziren, eta urte batzuetara neskentzako ere ireki zuten.
Hasieran eskolak gazteleraz ziren, ezta?
Kamiruaga: Bai, baina 1970eko hamarkadan, euskarazko zatia hasi zen, parrokiaren aldean, haur eskolarekin, kontratatu zituzten andereño batzuekin. Kontua da guraso haiek jarraipena eskatu zutela euskaraz, euren haurrentzat, lehendabiziko hiru urte horiek eta gero ez joan behar izateko. Horrela, 1973an igaro zen lehenengo taldea ikastolara, eta hor erabaki genuen claretarrok ikastetxetik ikastolara igarotzea. Dagoeneko zeudenek aukera izan zuten ikasketak gaztelaraz bukatzeko, baina hasi ziren guztiak euskaraz hasi ziren.
Irakasle gehienak ere ez ziren euskaldunak, beraz, eman zitzaien aukera euskalduntzeko. Batzuek egin zuten, eta beste batzuek erabaki zuten lana uztea. Erabakia gogorra izan zen auzoari begira ere, batzuek ez zutelako ulertzen gure apustua izatea dena euskaraz izatea. Familia erdaldun batzuk aurka jarri ziren. Nik teologiako ikasketak bukatu nituenean, adibidez, esan zidaten bederatzi hilabete nituela euskara menperatzeko, eta Lazkaora bidali ninduten.
Fraideak izango ziren hasierako irakasleak.
Kamiruaga: Bai. Ikasleek sekula ez dute uniformerik, baina lehenengo irakasleak fraideak ziren, euren sotana eta guzti. Sartu zen lehen andereñoa izan zen Maxima Loma Osorio, bera zen emakume bakarra. Errioxakoa zen, eta euskara ikastea erabaki zuen, hemen geratzeko. Horrela hemengo irakaslea izan zen, 50 urtez, erretiroa hartu zuen arte.
Rekondo: 1986an jada ikasketa burua jarri zuten emakume bat, eta ni orduan sartu nintzen. Orain irakasle gehienak emakumeak eta seglarrak gara. Aldaketa nabarmena izan zen. Garai batean dena apaizen eskuetan zegoen, eta orain claretarrek ez dute eskolarik ematen. Zuzendaritzan denok gara seglarrak, Aitor izan ezik.
Eta Urrats aisialdi taldea nolatan sortu zenuten?
Rekondo: Helburua beti izan da aisialdi osasuntsu bat eskaintzea, jarduera hezgarriekin eta talde giro onean. Ikusi zuten astebukaeratan ikasleek askotan zer egin ez zekitela, ez zeudelako gaur bezainbeste aukera udalekuetarako. Ikastolak alokatua zuen garai hartan baserri bat Leitzan, gurasoek berritutakoa, eta 1987an egin genuen han lehenengo udalekua. Horrela, 1987-1988 ikasturtean Urrats taldearekin hasi ginen. Larunbat arratsaldetan jarduerak antolatzen genituen, eta noizbehinka mendi irteerak eta asteburuko irteerak antolatzen genituen.
Orain berdin jarraitzen dute, larunbat arratsaldetan eta noizean behin beste irteera batzuekin, eta udako kanpalekua Agurainen. Aipatzekoa da begirale guztiak boluntarioak direla eta lan handia egiten dutela. Larunbatero etortzen dira umeekin bi orduz egotera, begiraleen bilera egiten dute, udalekuak prestatzeko martxoan hasten dira lanean… izugarria da! Asko daude gainera, hamabi begirale, eta gaur egun gazteak lortzea halako lan boluntarioak egiteko, uste dut aipatzekoa dela.
Amaia, zu nolatan animatu zinen Urratseko begirale izatera?
Kapaldegi: DBHko bigarren mailara arte jarraitu nuen ikasle moduan. DBHko 4. mailan kanpamenduetan parte hartu nuen Askartzakoekin, eta Batxilergoan hasi nintzenean sartu nintzen begirale. Urteak igaro dira eta hemen jarraitzen dut, konturatu gabe. Talde bat egiten dugu Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarrenera; eta beste bat DBH 1 eta 2koekin. Aurten, gainera, 3. DBHkoekin ere jarraitu dugu.
Zer egiten duzue Urratsen?
Kapaldegi: Normalean eskolan bertan biltzen gara larunbat arratsaldetan eta jolasak edo dinamikaren bat egiten dugu. Ikastolako jardueretan ere guk egiten dugu dinamizatzaile lana. Batzuetan irteerak ere egiten ditugu igerilekuetara, izotz jauregira… eta urtean behin gutxienez egiten dugu asteburu pasa bat, elkarbizitza lantzeko.
Nola definituko zenukete Claret ikastola?
Kamiruaga: Ikas komunitatea da gaur egungo erronka, duela bi ikasturte egin genuen aldaketa, horrek dakartzan desberdintasun guztiekin. Ezaugarri nabarmenenak bi dira. Metodologian, antolatzen ditugula arrakastatsuak diren jarduerak: tertulia dialogikoak, talde elkar eragileak… Bestea da, gatazken trataera dialogikoa, elkarrizketen bidezkoa. Aurretik txokoekin aritu gara urte askoan, Amara Berriren metodologia erabiliz.
Rekondo: Partehartzea ere nabarmendu behar da. Talde nahasiak sortzen ditugu, eta erabakiak gero eta gehiago horrela hartzen ari gara. Talde horietan egon behar dira irakasleak, langileak, familiak eta ikasleak.
Kapaldegi: Oso gertuko ikastola da, familia baten modukoa. Txikia denez, denok elkar ezagutzen dugu.
Lehen Mariaren Bihotza izena zuen. Zergatik egin zenuten aldaketa?
Kamiruaga: Claretarrok genituen hiru ikastetxe, hiru izen desberdinekin: Mariaren Bihotza, Grosen; Askartza Claret, Leioan; eta Larraona, Iruñean. Erabaki genuen marka korporatibo gisako bat sortzea , hiruak izen komun bera izateko, eta bakoitzaren ezaugarria gehitzea. Aurreko ikasturtean jarri genituen Claret ikastola, Claret Askartza eta Claret Larraona. Gu eta Askartza D eredukoak gara, eta Larraona A eredukoa, baina gurea da ikastola bakarra.
Rekondo: Apaiz komunitateek sortutako ikastola bakarra da, gainontzekoak ikastetxeak dira. Bere garaian euskararen alde apaizek egin zuten apustua oso handia izan zela uste dut.
Abesbatza ere baduzue, ezta?
Kamiruaga: Abesbatza izan da eskolaniaren jarraipena, eta 35 lagun daude gaur egun. Hasieran bekadun asko egon ziren eta konpromisoa hartzen zuten eskolanian abesteko, 1940ko hamarkadan. Aita Sierrak zuzentzen zuen eta Donostiako lehenengoa eskolania izan zen. Oso ospetsua egin zen 1960ko hamarkadaren bukaeran eta hogeita bost urtez Salvea ere abestu zuen gure eskolaniak. Hamabost umerekin hasi zen Aita Sierra eta garai onenetan 60 izatera iritsi zen. Bost urtez Tolosako Abesbatzen Lehiaketa irabazi zuten.
Zein helburu ezarri dituzue aurrera begira?
Rekondo: Ikas komunitatea erabat indartzea eta egokitzea guztiok horretara. Oso ona dela ikusi dugu daramagun urte eta erdi honetan; emaitzetan, harremanetan eta gatazken gutxitzean asko hobetu dugu.
Kamiruaga: Arrakastatsuak diren ekintzetarako ere boluntarioak behar ditugu, eta familietakoak lirateke onenak. Sartzen ari dira, baina ez da erraza ordutegiak uztartzea, ikastolako orduetan gelan egon daitezen.