Atzo egindako agerraldia. (Argazkia: ELEAK-LIBRE)
Agerraldia egin zuen atzo ELEAK-LIBRE mugimenduak “udako turismo kanpainaren ondoren” zortzi donostiar auzipetu dituztela salatzeko: “Auzotarrak bizitza duin baten aldarrikapena egin ondoren udalak garbi utzi du bere hautua zein den, gaiaren inguruko lanketa oro kriminalizatzea”. Azaldu dute abenduaren 11an pankarta bat jartzeagatik eta kentzea oztopatzegatik bi pertsonari “larriki desobidetzea” egozten dietela eta maiatzaren 1ean hotel baten okupazio sinbolikoagatik beste bost pertsona auzipetu dituztela.
“Azken urteotan agerian gelditu da Donostian praktikan jarri den turismo izenez ezagutzen dugun negozioak auzotarron eskubideak behin eta berriro urratzen dituela. Horren adibide espazio publikoen pribatizazioa, auzoko harreman sarea ahultzea edota jasan ezinak diren gaueko ordu txikietako zalapartak dira. Pisuen prezioak ere urtean %15 igotzea ez da zoriaren ondorio izan, fenomeno honek izen abizenak ditu”, azaldu dute.
Uste dute beste behin argi geratu dela aldaketa bilatzen dutenen aurrean “errepresioa eta zigorra inposatzen” besterik ez dakitela: Guk egindakoen inguruko damurik gabe lanean jarraituko dugu, turismoaren esplotazioaren aurrean gure eskubideak defendatzeko.
ELEAK-LIBRE dinamikak gogor salatu du zortzi donostiarren “eskubide zibil eta politikoak zapuztu nahi izatea”: : “Turismo eredu honen aurkako pankarta bat jartzea edota hotel bateko sarreraren une bateko okupazioa ezin dira delitutzat jo”.