2.450 kilo gatz erabili dira Donostian
Elur plana dela eta, asteburuan 2.450 kilo gatz bota dituzte Donostian. Hala jakinarazi du Donostiako Udaleko Bide Publikoen zinegotzigoak. Ostiralean Igeldon egin behar izan zuten lan handiena. Elurra dela eta, 11:00etatik 20:00etara bideak garbitzen aritu ziren. Igeldoko kanpingetik Oriora dihoan bidea ere garbitu zuten.
Larunbatean ere gatza banatzen eta bidea garbitzen aritu ziren Igeldon. Altzan ere abisu bat jaso zuten, eta Jose Elosegi alkatearen etorbidean gatza bota zuten. Igandean, tenperatura baxuak zirela eta, hainbat dei jaso zituzten, eta Donostiako hainbat gunetan gatza bota behar izan zuten izotza kentzeko. Ospitaleko igoera, Izostegi bidezubia, Herrera pasealekua, Zubiaurre pasealekua, Altza pasealekua, Zarategi pasealekua, Casares paselekua, San Markoko zabortegira igoera, Ulia pasealekua, Mons pasealekua… Hainbat plaza eta espaloitan ere gatza bota behar izan zuten: Buenavista, Larratxo, Azkuene, Aizkorri, Larratxo eta Federico Garcia Lorcako igogailuetan, Cervantes plazan, Hiru Damatxo palzan, Alderdi Ederren…