Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon jardueraren amaiera festa egin dute; antolatzaile eta parte hartzaileak pozik daude lortutakoarekin.
Bazkari herrikoi bat egin dute erronkari amaiera emateko. (Argazkia: Plazara Goaz)
20 egun ondoren,
Intxaurrondoko ahobizi eta belarriprestek amaiera festa egin dute. Hiru txandetako partaide eta antolatzaileak biltzeko modu bat izan da, eta pozik ospatu dute lortutakoa. Izan ere, helburu gisa jarri zuten 250
ahobizi eta 500
belarriprest biltzea; baina, gogotik gainditu dute xedea, 400
ahobizi eta 570
belarriprest baino gehiagok hartu baitute parte. Gainera, auzoko 65 saltokitik gora ere animatu dira erronkara.
Hori guztia ospatzeko, ostiralean,
hirugarren txandako ahobiziek euren
bizipenen berri eman zuten Bernart Etxepare plazan, eta, ondoren,
gaztain erreketa eta musika egon ziren. Larunbatea, berriz, ahobizi eta belarriprest guztiak elkartuta, erronkari bukaera eman zioten, Intxaurrondo kultur etxean.
Ekitaldia, bideoa, brindisa eta herri bazkaria egin ostean,
musika eta dantza ez zen falta izan. Esperientzia eta bizipenak jasotzeko,
bizipenen tenderetea osatu zuten, eta paper banatan bakoitzak erronkan zehar bizitako sentimendu bat, oroitzapen bat, marrazki bat… idatzi edo marraztu zuen.
Horretaz gain,
Intxaurrondo Ikastolari eta
Plazara Goaz euskara elkarteari omenaldia egin zieten, 2018an ikastolak 50 urte betetzen dituelako eta Plazara Goaz elkarteak, berriz, 20 urte. Hori horrela, mugimendu horien sorreran lanean ibilitakoei eskerrak eman zitzaizkien, “izan zirelako garelako orain garena”.
Antolakuntzakoek nabarmendu dute
lanean aritzeko elkartu den jende mordoa; euskaraz gutxi jakin arren, dakiten hori
praktikatzeko irrikitan ezagutu dituzten
belarriprestak; eta hartu dituzten
ezustekoak. “Beti gazteleraz jarduten dugun saltoki batzuetan euskaraz ulertzen dutela eta
belarriprest izateko gogotsu daudela ikusi dugu”.
Parte hartzaile batzuen iritziak eta balorazioa jaso zuen IRUTXULOKO HITZAk aurreko ostiralean.
Hemen Plazara Goaz elkarteak bildutako argazkiak: