(Argazkia: Estitxu Zabala)
Epeak erabat zehaztu ez arren, Altzako kiroldegi berriaren lanak hurrengo urtearen lehen erdian hasiko direla esan du Eneko Goia alkateak. Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak lanak egiteko kontratazio espedientearen hasiera onartu du.
Aurrekontua ia 18 milioi eurokoa izango da, eta esleipena bi zatitan egingo da. Lehena, hondeaketa izango da –1.503.652,97 euroko aurrekontua du–, eta bigarrena, eraikinaren eraikitze lanak izango dira –16.287.120,94 euroko aurrekontua du–.
“Inbertsioa urte-anitzeko aurrekontu-sailarekin finantzatuko da, hain zuzen ere, 2017, 2018 eta 2019 urteetarako urte-anitzeko aurrekontu-sailarekin”, azaldu du Goiak. Inbertsioaren datuei dagokienez, udalak 2017an 4.715.773,91 euro jarriko ditu, 2018an 7.250.000 euro, eta 2019an 5.825.000 euro.
Udalaren aurreikuspenaren arabera, 2019rako izango da erabilgarri Altzako kiroldegi berria.