Donostiako emakumezko kirolarien ikusgarritasuna bultzatu nahi dute
Donostia Kirola-k emakume kirolarien omenezko kanpaina bat abiatu du #GoazenNeskak lelopean. Hiriko klub eta kirolari askok parte hartu dute kanpainaren bideoan, eta emakumeen kirolarekin lotutako hitzak adierazi dituzte. Hauek guztiak emakume kirolariek proposatutakoak izan dira: berdintasuna, gainditzea, ahalegina, ilusioa, ahalduntzea, taldea, borroka, konpromisoa, laguntasuna, ondo pasatzea, grina eta errespetua.
Emakumeen kirola bultzatzea da bere plan estrategikoaren helburu garrantzitsuenetako bat, eta hau lortzeko lanean dihardu. Izan ere, emakumeek paper garrantzitsua jokatzen dute Donostiako kirolean: Donostia Kirola-k egindako ikerlan konparatibo baten arabera, “Emakumezkoen talde gehien dituen Espainiako hiriburua da Donostia”.