Uliako basoa ezagutzeko irteerak egiten ari dira
Ulia auzo elkartea Ulia eta Mendiolako txoko ederrenak ezagutzeko mendi ibilaldiak egiten ari da egunero. Igandean izango da azken txangoa. Gaur, asteazkena, Lugaritz kultur etxetik abiatu dira, baina egunero hiriko toki desberdinetatik irteten ari dira. Ostegunean Egia kultur etxetik abiatuko dira; ostiralean, Larrotxene kultur etxetik; larunbatean, Intxaurrondotik: eta igandean, Loiola kultur etxetik. Egunero ordu berean geratuko dira: 09:00etan.
Gero eta zailagoa da paisaia eta berdegune basatiak aurkitzea, eta auzo elkarteak donostiar guztiei erakutsi nahi dizkie Uliak gordetzen dituen altxorrak, ondare hau guztia hobeto zaindu ahal izateko. Mendi ibilaldiez gain, erakusketa bat ere ireki dute Okendo kultur etxean, liburutegiko korridorean.