Gizarteak oinarrizko ezagutza edukitzea ezinbestekoa iruditzen zaio elkarteari; abenduan hasiko dituzte hiru formakuntza saioak.
Ikastaro bateko irudi bat. (Argazkia: DYA Gipuzkoa)
DYA Gipuzkoak urte ugari daramatza osasuna eta segurtasunaren alde lanean. Erreskate eta babes zibila, gizarte ongizatea, zaintza prebentiboa… Esparru ugaritan egiten du lan elkarteak, eta formakuntzari garrantzi berezia ematen dio. Izan ere, urtero, hainbat ikastaro antolatzen ditu, bertako langile eta boluntarioentzako ez ezik, kaleko edozein pertsonarentzako ere:
“Guztiok formakuntza bat jasoko bagenu, biziraupen tasak gora egingo luke”, dio DYAko formakuntza eskolako erizain eta arduradun Nuria Sanchezek.
Horren harira, urtea amaitu bitarte, hiru ikastaro prestatu dituzte; bi,
lehen sorospenei buruzkoak (30 ordukoak), eta beste bat
Bihotz Biriken Suspertzea eta Desfibrilagailuen ingurukoa. Lehenengoa, abenduaren 11tik 22ra eta abenduaren 26, 27, 28, 29 eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean izango da. Bigarrena, berriz, abenduaren 16an. Ikastaro guztiak Intxaurrondon egingo dituzte, Baratzategi 10. zenbakian duten egoitzan.
Izena emateko 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu daiteke
edo www.dyagipuzkoa.com webgunean sartu.
700 boluntariotik gora
Sanchezekin hitz egiteaz gain,
Asier Moreno boluntarioarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk. Egun, 700 boluntario baino gehiago ditu lurralde osoan; Donostian, 200 inguru. Moreno da horietako bat:
“Egoera batzuk gogorrak dira, baina trukean jasotzen duzunak merezi du”.
Ostiralean argitaratuko dugu erreportaje osoa.