DYA Gipuzkoak esparru ugaritan egiten du lan; tartean, ikastaroak antolatzen ditu, larrialdi egoeratan edonork oinarrizko ezagutza bat izateko. Urtea amaitu bitarte, hiru antolatu dituzte.

Bihotz Biriken Suspertzeari buruzko ikastaro bateko irudi bat, Intxaurrondoko egoitzan. (Argazkia: DYA Gipuzkoa)
DYAri buruz hitz egiterakoan, ohikoena da anbulantziekin pentsatzea. Elkarteak, ordea, lan esparru ugari ditu: erreskatea eta babes zibila, gizarte ongizatea, zaintza prebentiboa, Nahia programa –gaixoen azken nahiak betetzen laguntzeko– , formakuntza eskola… Azken horretan, DYAko langileak, boluntarioak eta kanpoko jendeak hartu dezake parte. Hil honetan, lehen sorospenei eta bihotz biriken suspertzea eta desfibrilagailuei buruzko ikastaroak antolatu dituzte.
Formakuntza hauetan larrialdi egoeratan zer egin behar den eta arriskuan dagoenari nola lagundu behar dioten ikasiko dute: iktusak, bihotzekoak, kolpeak, erredurak, hausturak, krisi konbultsiboak, erditzeak, esaterako.
Teoria ikasteko ez ezik, praktikatzeko aukera ere izango dute izena ematen dutenek, eta egin behar ez direnei arreta jarriko diete. «Adibidez, esaten da behatza erretzen badugu, ona dela hortzetako pasta jartzea, baina hori kaltegarria da. Era berean, konbultsionatzen ari den norbait eusteko ohitura dago, baina ez da ona beso bat apurtu dezakeelako», azaldu du formakuntza eskolako erizain eta arduradun Nuria Sanchezek.
Ikastaroak ahalik eta publiko anitzarengana iristeko egiten dituztela adierazi du Sanchezek: «Lehen sorospenak ezinbestekoak dira larrialdi egoera batzuetan edo istripuetan. Izan ere, lehenbailehen eta ahalik eta hoberen egiteak saihestu ditzake hainbat ondorio. Esaterako, norbaitek arnas geldialdi bat badu, lehen hiru minutuan garuna ez badiogu oxigenatzen, hil daiteke edo ondorio konponezinak eduki. Egia da egun ditugun osasun zerbitzuek nahiko azkar erantzuten dutela, baina egoera batzuek behar dituzte berehalako erantzunak».
Segurtasuna bermatzeko
Argi dute euren egitekoa: «Kaleko pertsona guztiok formakuntza bat jasoko bagenu, biziraupen tasak gora egingo luke. Hain justu, oinarrizko ezagutza edukita, anbulantzia iritsi bitartean, lortuko dugu pertsona hori egoera onenean mantentzea. Azken batean, helburua da gizarte jakitunago eta seguruago bat izatea».
DYA Gipuzkoak, egun, 500 boluntario baino gehiago ditu; Donostian, 200 inguru. Horietako bat da Antiguako Asier Moreno, 2008tik dabil laguntzen: «Asmo ona egoten da beti, baina ezagutza eta praktikarik ez badago… Nik horregatik egin nuen lehenengo ikastaroa, betidanik izan nuelako jakin-mina, eta, ondoren, berehala animatu nintzen boluntario izatera. Egoera batzuk gogorrak dira, asko inplikatzen zarelako pertsonaren sufrimenduarekin, baina trukean jasotzen duzunak merezi du, gogobetetzen zaitu».
Azken urteotan, Moreno anbulantzietan laguntzen aritu da bereziki, osasun laguntzaile gisa. Halere, gidari lanak ere egin ditu, gizarte zerbitzuen sailean –adibidez, aiton-amonak euren etxeetara iristen laguntzen– eta erreskate taldean.
Esperientzia eta bizipen ugari ditu gogoan Antiguakoak: «Duela urte batzuk, DYArekin lotura berezia zuen pertsona bat galdu zen. Zoritxarrez, hilik aurkitu genuen, baina herritarren laguntza eta babesa izugarriak izan ziren. Beste batean, Aste Nagusiko su artifizialetan gure zerbitzua egitera gindoazenean, moto istripu larri bat ikusi genuen. Laguntza eskaintzen egon ginen, eta hurrengo egunean esan zidaten hildakoak nirekin ikasi zuela. Momentuan ez nuen ezagutu, gaua zelako… Asko hunkitu ninduen».
Morenok eta Sanchezek azaldu dutenez, larrialdi gehien eragiten dituztenak dira alkohola eta bestelako substantziak, batez ere, jaietan edo asteburuetan. «Adingabea bada, heldu batek etorri behar du bila. Guk, bitartean, ezin diogunez sendagairik eman, saiatu behar dugu egoerak okerrera ez egiten. Adibidez, botaka egiten badu, adi egon behar dugu arnas aparatuan minik ez hartzeko; edo, konorterik gabe baldin badago, bere mingainarekin ez itotzeko».
Egoera ugari eta oso anitzak izan daitezke, eta oinarrizko ezagutza bat duen edonork lagundu dezake. Hortaz, antolatu dituzten ikastaroetara animatu nahi izan dute jendea DYAkoek, baita boluntario izatera ere: «Elkartasunagatik, ekarpen bat egiteko eta norberaren garapenerako oso baliagarria izan daitekeelako».
IKASTAROAK
- Lehen Sorospenak. 30 ordukoak. Abenduaren 11tik 22ra. 10:00etatik 13:00etara. / Abenduak 26. 27. 28 eta 29 eta 2018ko urtarrilak 2. 3. 4 eta 5, 9:00etatik 13:00etara.
- Bihotz Biriken Suspertzea eta Desfibrilagailua. 5 ordukoa. Abenduaren 16an, larunbata, 9:00etatik 14:00etara.
Ikastaroak Intxaurrondon izango dira, Baratzategi 10. Izena emateko: 943 46 46 22 edo
www.dyagipuzkoa.com.