«Ikusi dudan udaberri bakarra Siriako kurduena da»
Karlos Zurutuza, freelance kazetaria
Ekialde Hurbila bertatik bertara ezagutzen du Karlos Zurutuzak (Gros, 1971). Mikel Aiestaran eta Ane Irazabalekin batera, eremu honen egungo argazkia egin du ‘Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak’ liburuan. 2011n loratu ziren Udaberri Arabiarren osteko egoera jorratzen duzue liburuan, zein da proiektuaren helburua? Gu egon garen lekuen inguruan idazteko eskatu ziguten, gure eskarmentuaren berri ematea. Bakoitzak gai eta leku zehatz batzuk jorratu ditugu eta nik nireari eutsi diot: Siriako kurduak, Libiako amazigak – Ipar Afrikako jatorrizko biztanleak dira, gaur egun herri ezberdinetan banatzen dira– eta 40 urtez egoera latz berean egon diren sahararrak. Funtsean, bakoitzak hoberen ezagutzen dituen errealitateak jorratu ditu. Arabiar udaberri bakarraz hitz egin daiteke ala iraultza eta testuinguru desberdinak dira? Nik ikusi dudan udaberri bakarra, Siriako kurduena da, beraz, ez da arabiarra. Gauzak nahastu ohi ditugu eta dena arabiartzat jotzen dugu, baina herri askok parte hartu zuten prozesu ezberdinetan: amazigak Ipar Afrikan, kurduak Ekialde Hurbilean… geografiari dagokionez ere akats ugari egiten dira. Badira, oraindik, Maroko Ekialde Hurbila dela diotenak. Argi eta garbi Ipar Afrikak eta Ekialde Hurbilak lotura kultural ugari dituzte, baina ez dira leku berdina. Ni ingelesezko MENA akronimoaren aldekoa naiz, Middle East and Northern Africa [Ekialde Hurbila eta Ipar Afrika]. Askok esango lukete udaberria izan behar zuena negu gorri bihurtu dela. Sei urte igaro dira besterik ez, denbora bada, baina ikuspegi historikoari dagokionez, oso gutxi. Nere buruari galdetzen diot nolakoa izango zen Errusia 1922an iraultza gauzatu ostean. Egia da emaitza ez dela izan espero zena; Libian, adibidez, estatua desagertu da, eta anabasa da nagusi. Nik pentsatu nahi dut goizegi dela analisi sakon bat egiteko, eta espero dut etorkizunean beste kontakizun bat egin ahalko dugula. Baina gaur egun bai, udaberririk ezean, negu gorria zabaldu da. Ohi bezala, herri zapalduen eta gutxiengoen istorioak bilatu dituzu. Duela gutxi Siriako kristauekin egon zara Raqqan –Daesh-en menpe zegoen hiria–. Zein da gutxiengoen egoera Sirian? Erlijioena baino gehiago, nazionalitateen afera da arazoa. Assadtarren Sirian kristauak lasai asko joaten ziren elizara. Arabiarra ez zen nazionalitatea aldarrikatzea, ordea, zeharo debekatua zegoen. Siriakoek haien historia eta hizkuntza propioa dute, siriako ala aramiera berria. Kurduek bezala, siriartzat dute haien burua, baina ez arabiartzat, hori dela eta, errepresioa jasan dute. Saddam Husseinek bezala, Hafez al Assadek [egungo presidentearen aita] panarabismo baztertzailea bultzatu zuen Sirian. Gaur egun nahiko argi dago Bashar al-Assad dela gudaren irabazle nagusia, ikustear dago ordea, gutxiengoei dagokionez iraganeko jarrerari eusten dion ala ukabila askatuko duen. Siria Ipar Ekialdeko Federazio Demokratikoa, eredu ona izan daiteke. Han bizikidetza dute oinarri, agiri ofizial guztiak, adibidez, kurdueraz, siriakoz eta arabieraz idazten dira. Raqqa aipatzerakoan kurduei buruz hitz egiten da, baina hiria askatzeko gatazkan, hainbat komunitatek hartu dute parte, tartean, arabiar ugarik. Hala ere, gure inguruan bada Al Assadekin lerrokatzen den jende ugari. Hala da bai, oso esanguratsua da gainera, asko ezkertiarrak eta abertzaleak direla. Galdetuko nieke haiek Assad-en moduko agintari bat nahiko luketen; nik ez dut nahi euskaraz hitz egiten utziko ez didan buruzagirik, ezta nire nazionalitatea ezarriko didanik ere. Batzuek diote anti-inperialista dela Bashar, baina Errusiaren alde lerrokatu da, eta ez al da Errusia beste inperio moduko bat? Ikuspegi zinez kontraesankorra iruditzen zait. Niri denetarik esan didate kontraesan hura agerian uzteagatik, mertzenario eta Blackwater kazetaria [Blackwater segurtasun pribatuko armadak eskaintzen duen enpresa da, maiz Ekialde Hurbilean], besteak beste. Rojavakoa azken urteotan ikusi duzun iraultza bakarra dela diozu, zer ari da gertatzen? Nire ustez, kurduak dira giza eskubideen aldeko eta demokraziaren aldeko apustua egin duten bakarrak Ekialde Hurbilean. Haiena borroka bikoitza izan da, militarra eta soziala. Lehen egunetik hezkuntza sistema propioak, emakumeentzako gune propioak eta kontseilu parekideak ezarri zituzten. Rojavak [Mendebaldeko Kurdistan, kurduak gehiengoa diren Siriako eskualdeak] ez ditu Damasko edo Raqqa okupatu nahi, haien aldarri bakarra demokrazia oso eta partehartzailea da. Emakumeek garrantzia izugarria dute Rojavako iraultzan. Ekialde Hurbilean emakume bat gizonen pare ikusi dudan leku bakarra Rojava da. Kasu hartan emakumea komandantea zen eta bere menpean zituen soldaduek benetan errespetu osoa ziotela sumatu nuen. Militarrak aipatu ohi dira, baina gizartean hartu duten lekua ere, oso garrantzitsua da. Edozein kontseilu edo erakunderen agintaritzak, parekidea izan behar du. Mendebaldean ez dugu horrelakorik oraindik. Nazioarteko hedabide gehienen jomugatik at dagoen herria ezagutu duzu, amazigak, alegia. Siriako kurduek ez bezala, amazigek oposizio islamistarekin bat egin zuten gerran, Gadaffi boteretik kentzeko, sekulako errepresio kultural eta fisikoa pairatu baitzuten. Libia zeharo atomizatu da azken urteetan eta ez dago botere iturri bakar bat. Testuinguru hartan, amazigek gehiengo diren herriak batu dituzte, haien aldarrikapenak aurrera eramateko: autonomia, parekidetasuna eta laizismoa. Rojavako aztarnak agerikoak dira, are gehiago, amazigentzat, Rojava eredua da. Euskal Herrian herri zapalduen aldarrikapenak independentziarekin eta estatu propioarekin lotu ohi ditugu. Amazigak, ordea, hizkuntza eta tradizioen babesean oinarritu dira. Haiena guda kulturala da? Neurri batean kulturala da, baina bizirauteko guda ere bada. Naziotasun aldarriek garrantzia handia izan dute, baina azkenaldian lehentasun berriak agertu dira. Botere hutsunearen ondorioetako bat krisialdi ekonomiko larria izan da, egoera benetan latza bizi dute libiarrek. Sei urteren ostean, egoera elkarlanean iraultzeko beharraz ohartu direla dirudi. Hainbat adituk Gdeim Iziken [2010ean Aaiun kanpoaldean antolatutako kanpalekua] kokatu dute Udaberri Arabiarraren hasiera. 40 urte geroago sahararrena borrokarik ahaztuena izaten jarraitzen du. Mendebaldeko Sahara zaplazteko bat da niretzat kazetari gisa. Kazetariok gai bat lantzen dugunean, eragina izatea espero dugu, txikia bada ere. Sahararen kasuan ez da horrela izaten, ez da ezer aldatuko eta ez du inongo eraginik izango. Espainiako presidente berriek egiten duten lehen bidaia, Marokora izaten jarraitzen du, estatuen borondate ezaren erakusle da hori. Saharako auzia benetan etsigarria da; egoera honen aurrean lan honetan jarraitzeak pena merezi ote duen galdegiten diot nire buruari. Hedabide gehienek ez diote arretarik eskaintzen Mendebaldeko Saharari, zergatik? Gaia errepikakorra bihurtu da hartzaile askorentzat. Baina, batez ere, atzetik dauden interesengatik. Denok dakigu espainiar medio handiak noren morroi diren. Hainbat hedabideren kudeaketa lotsagarria da besterik gabe. Gogorarazi behar da, gainera, Nazio Batuen arabera, Sahararen okupazioa legez kontrakoa dela, eta hedabideek oso gutxietan aipatzen dute hori. Nazioartean gertatzen ari dena jakiteko, erdarazko bibliografia eta hedabideetara jo behar dugu sarritan. Garrantzitsua da horrelako lanak euskaraz argitaratzea? Bai, noski! Egunerokotasunaz haratago, oso garrantzitsua da euskarazko edukiak bilduta geratzea etorkizunerako, bereziki gurea bezalako herrialde txiki batean. Edukiei dagokienez, euskarazko edukiak atzerrikoak bezain onak direla frogatu dute. Gainera, kazetarion lanak itzulpengintza kutsu bat ere badu. Errealitate jakin bat islatzeaz gain, tokian tokiko testuinguruetara moldatu behar da, azaltzailea izan dadin hartzaileentzat, betiere, iruzurretan aritu gabe. Euskaraz idazten dugun kazetariok, konpromiso bikoitza dugu. Alde batetik, kazetari lanetan aritzea, zintzotasunez eta egiari leial izaten. Bestetik, euskara zaintzeko eta sustatzeko konpromisoa gure egiten dugu. Baina gaur egun posible da freelance gisa aritzea, soilik euskarazko hedabideetan lan eginez? Ez, tamalez ez da posible. Ez dago modu bakarra freelance kazetaria izateko. Norberak bere formula propioa du. Batzuek prentsa eta telebista uztartzen dituzte, beste batzuek irrati ezberdinak; nire kasuan etxeko zein atzerriko hedabideekin lan egiten dut. Dena den, ez nuke esango euskarari soilik eragiten dion arazoa denik, gaztelania hutsean bizirautea ere zaila baita. Espainiako hedabideen tarifak ikaragarri apalak dira, euskal hedabideek hobeto ordaintzen dute askotan. Freelance kazetariarena, lanbide erromantikoa izaten jarraitzen du, baina dirudienez baldintzak gero eta txarragoak dira. Ba al du etorkizunik? Hedabideen sektoreak, beste askok bezala, etengabeko aldaketa prozesua bizi du egun, digitalizazioa dela eta. Ezer ez da finkoa eta ezin da ezer ez baiezkotzat jo. Prentsak kostata eman du jauzia paperetik digitalera eta oraindik ez dago oso argi nola bihurtu sareko hedabide bat, errentagarri, doan. Beraz, doikuntza prozesu sakon batean murgilduta gaude. Baikorra naiz eta espero dut, profesionalek egitura berrira egokitzen jakingo dutela, baita freelance kazetariok ere.