Etxetik bota dute Patxi Zubiaurre, 84 urteko Amara Berriko bizilaguna
Amara Berriko Patxi Zubiaurre bizilaguna etxetik bota dutela jakinarazi du Stop Kaleratzeak plataformak. Atzo protesta egiteko deia zabaldu zen arren, Stop Kaleratzeak plataformak azkenean bertan behera utzi zuen deialdia, Zubiaurrek berak hala eskatuta. Urte hasieran ere kanporatzen saiatu ziren, baina presio sozialari esker etxegabetzea bertan behera geratu zen.
Bizkaiko Abacredit mailegu enpresak utzi zion dirua Zubiaurreri. 100.000 euro inguruko hipoteka zuen, %19,5eko interesarekin. 40 urte darama etxebizitza horretan bizitzen. Jubilatuak ezin izan zion hipotekari aurre egin 2014an. Bi urteko moratoria lortu zuen plataformak, baina Abacreditek berriz exijitu du etxebizitzaren jabetza. Plataformako bi abokatuk luzamendua eskatu dute berriz, baina ez diete onartu: “Epailetzaren idazkari batek gaur erabaki du zutik jarri ezin den 85 urteko gizon bat etxegabetzea. Anbulantzia batean sartu eta bota beharko dute etxetik”, azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri Josean Sanchez Stop Kaleratzeak plataformako kideak.
“Drama ikaragarria da”, azpimarratu du. Sanchezek azaldu du udalaren gizarte zerbitzuen bidez zaharren egoitza batera eramango dutela: “Oso egoera larrian dago Zubiaurre”.
Adierazi du plataformak ez duela etxegabetzeari aurre egiteko beste baliabiderik: “Gainera indarrez egiten badiogu aurre kaleratzeari, Mozal legearekin erantzungo digute. Guk ozen salatu nahi dugu mailegu emaile eta lukurariei ez diela inork mugarik jartzen. Duela gutxi Malagako emakume bat etxegabetu zuten, bere senar ohiaren zorra batengatik”.
Sanchezek ohartarazi du Zubiaurreren egoera ez dela batere ona, eta gizarte zerbitzuek atzo bertan zahar egoitza batera joateko aukera eskaini ziotela. Donostiako Udalak adierazi du ez duela Patxi Zubiaurre kalean utziko, eta gizarte zerbitzuek artatuko dutela.