"Mailegu emaileak nahi zuena lortu du, ez du gupidarik izan"
Stop Kaleratzeak plataformak kezkaz jarraitu du Patxi Zubiaurreren etxegabetzea. “Bere borondatea errespetatu dugu eta ez dugu kontzentraziorik egin bere atarian, baina une zail honetan bere ondoan egon nahi izan dugu”, azaldu du Josean Sanchez plataformako kideak.
Stop Kaleratzeak plataformako kideek lagundu diote bart Zubiaurreri bere gauzak eta objektu pertsonalak kaxatan gordetzen: “Atzo arratsaldean berarekin izan ginen bere gauzak jasotzen. Gaua bakarrik pasa du etxean, ez du inorekin egon nahi izan”.
Amara Berriko bizilagunaren osasunak okerrera egin duela ohartarazi du Sanchezek, eta ohatilan atera behar izan dutela etxetik: “Bagenekien horrela izango zela. Pattal dabil azkenaldian eta anbulantzia batean eraman behar izan dute”. Zorroagako zahar etxera eraman dutela esan du Sanchezek.
Sentsazio gazi-gozoa duela adierazi du Sanchezek: “Alde batetik, uste dugu Patxi hobeto egongo dela zaharren egoitza batean, hobeto zainduko dutelako. Baina deitoragarria da horrelakoak gertatzea. Mailegu emaileak nahi zuena lortu du, ez du gupidarik izan. Patxi beraien tranpan erori zen, eta etxetik bota dute, baina inork ez ditu mailegu emaile horiek zigortzen. Hutsune legal handia dago”. Etxetik kaleratu duen Abacreditek ez zuen onartu hil bitartean 200 euroko alokairu soziala izatea, alarguntza-pentsioagatik jasotzen dituen 719 euroen %30.
Nabarmendu du jende askok dituela arazoak maileguak ordaintzeko, baina lotsa ematen diela egoera prekario batean daudela esatea: “Pobreziak lotsa ematen du, eta jendeak ez du bere egoeraren berri eman nahi jendaurrean. Ezin dugu jakin zenbat jende dagoen kaltetua”.