Protesta udalbatzarrean (Argazkia: Malen Aldalur)
Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta martxa bat egingo dute
abenduaren 20an 17:30ean aldunditik udalera. Izan ere, udalbatzarra egingo dute udaleko alderdiek eta bertan eskatu nahi dute “metro igarobidea geldiarazteko eta auzi honetan herritarren partaidetzari bideak irekitzeko”.
Partaidetzari bai: metroaren inposaketarik ez! lelopean egingo dute protesta. Gipuzkoa plazatik abiatuko da martxa, Alderdi Ederren geldialdi bat egingo dute, eta, ondoren, udaletxea inguratzeko giza kate bat eta Ijentea plazan eserialdi bat egingo dituzte.
Satorralaiak azaldu du birritan eskatu diola Eneko Goia alkateari Topoaren igarobidearen egitasmoa geratzeko eta garraio publikoko soluzio egokienaren inguruan bide parte hartzaileak irekitzeko: “Gure eskaera guztiak paperontzira joan dira ordea, eta erakundeek ez dute inongo borondaterik agertzen herritarren partaidetzarako bideak irekitzeko edota metroaren pasantearen inguruan jendarteak duen iritzia ezagutzeko kontsultarik egiteko”. Gogorarazi dute ia 9.000 sinadura bildu zituztela Gipuzkoako Foru Aldundiari herri galdeketa bat egin zezan eskatzeko eta ezezkoa jaso zutela.
Hori dela eta, datorren asteko mobilizazioan parte hartzeko deia zabaldu dute.
Bestalde, azaldu dute
abenduaren 19an elkarretaratzea egingo dutela 10:00etan udaletxean Mirakontxa-Easo zatiak kalteturiko ondasunak okupatu aurreko akten sinaketa salatzeko.