Aste honetan Antiguan zuhaitzak bota dituztela salatu du Eguzkik. (Argazkia: Eguzki)
Eguzki talde ekologistak ohartarazi du Donostian hilero zuhaitzak botatzen ari direla. Abenduan, Pio Baroja eta Zarautz hiribidearen inguruan moztu dituztela jakinarazi du: “Astearte goizean 40 zuhaitz inguru bota zituzten Costa Vasca hotela eta kiroldegiaren inguruan. Asteazkenean, berriz, beste horrenbeste Zarautz hiribidean; antza denez, metroaren lanak hasteko asmoz”.
Donostiako zuhaitzak egur bihurtu dituztela dio, “beharrezkoa ez den, garestia den eta herritarrek eskatu ez duten metroaren mesedetan”. Politikariek klima-aldaketari aurre egiteko deialdiak egiten dituztela, baina, aldi berean, zuhaitzak nonahi botatzen dituztela esan du Eguzkik: “Lehendabizi, Lourdes Txikin, Belartzan eta Gladys Enean bota zituzten; oraingoan, berriz, Pio Barojan eta Zarautz hiribidean. Inork ez die esan zuhaitzak hirietan oinarri-oinarrizkoak direla klima-aldaketari aurre egiteko? Beharbada badakite, baina bistan da ez diela axola”.