Löic Alejandro, Irabazi Donostiako kidea, udalbatzarrean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Irabazi Donostia ez dago ados Garbera handitzeko proiektuarekin. “EAJ eta PSE-EEk babestu duten proiektua ez da interes orokorrekoa”, adierazi du Loic Alejandro zinegotziak. Astelehenean, Plan Orokorraren behin behineko egokitzapenaren onarpena eraman zuten batzordera udal gobernuko bi alderdiek. Horrek ahalbidetuko du Garbera merkataritza gunea handitzea.
Alejandroren arabera, erabakiak udalaren bost erronka nagusirekin talka egiten du. Lehena, jasangarritasuna eta aldaketa klimatikoaren aurkako borroka da. “Garberako proiektuak kotxeen erabilera areagotuko du, eta horrek ez du bat egiten Klima 2050 estrategiarekin”, azaldu du Alejandrok.
Bigarrena eta hirugarrena, hiriaren zahartzea eta berdintasuna bermatzea dira. “Udalaren Lagunkoia programak dio hiria errealitate horretara egokitu behar dela. Pertsona helduek beraien auzoetan egiten dituzte erosketak, eta ez dira saltoki handietara joaten”, esan du Alejandrok.
Laugarrenak harreman zuzena du merkataritza txikia babestearekin. “Altzako bizilagunen arabera, Garbera ireki zenetik auzoan saltokiak desagertzen ari dira. Udal gobernuak dio merkataritza txikia babesten duela, baina gero Garberako proiektua aurrera eraman nahi du”, salatu du Alejandrok. Bosgarren eta azken erronka, herritarren partaidetza da Irabaziren ustez.
Abenduaren 20eko udal batzarrean Garbera handitzearen kontra agertuko da.