Saharar errefuxiatuentzako elikagai bilketa egingo dute
Piztu itxaropena karabana abiatu dute berriz ere Saharako Ilargi Gorriakek, eta Saharar errefuxiatuentzako elikagai bilketa egingo dute abenduaren 16an Bretxan eta 30ean Kursaalean. Bretxan, 09:00etatik 20:00etara egongo dira, eta Kursaalean, 10:30etatik 12:30etara eta 16:00etatik 19:30etara. Urtarrilaren 12an eta 13an berriz Garberan egongo dira. Bilduko dituzten elikagaiak honakoak izango dira: hegaluzea eta sardinak oliotan, azukrea, pasta, arroza, lekaleak eta konpresak.
Saharar errefuxiatuei laguntza bikoizteko eskaria egin die Saharako Ilargi Gorriakek herrialde emaileei eta erakunde humanitarioei, “horren faltak eragin dezakeen ondorioak ekiditeko”. Salatu dute azken urteetan herrialde emaileek ematen duten laguntzak behera egin duela eta errefuxiatuen egoera nabarmen okertu dela: “Baldintza penagarrietan bizi dira, eta osasun arazo handiak sortzen ari zaizkie, batez ere, bost urtetik beherako ume, emakume haurdun eta bularra ematen ari diren emakumeei. Horiek guztiak osasun arrisku handian daude”.