‘Marioren bakarrizketa’ pieza antzeztuko du bihar Enrike Amibilia aktoreak, Kontadores Zentroak antolatutako II. Mikroantzerki Maratoiaren barruan. Gogotsu dago bere lana erakusteko.

Enrike Amilibia aktorea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Mexikon jaio zen Enrike Amilibia aktorea, 1986an. Berehala, baina, Donostiara etorri zen bizitzera; eta, egun, Orereta-Errenterian bizi da. Bidebietako Kontadores Zentroak antolatutako II. Mikroantzerki Maratoian hartuko du parte bihar,
Marioren bakarrizketa lanarekin.
Normalean, beste aktore batzuekin batera egin duzu lan. Bihar, berriz, bakarrik igoko zara eszenatokira. Erronka berezia da zuretzat, ezta?
Alex Tello da piezaren zuzendaria eta nire managerra. Berak esan zidan gai nintzela hau eta askoz gehiago egiteko. Asko poztu ninduen nirekiko erakutsi zuen konfiantza, eta aurrera egin nuen zalantzarik gabe.
Gogotsu zaude zure lana erakusteko?
Kristoren gogoa daukat eguna iristeko. Bakarrizketaren bitartez, gizarteak dituen aurreiritziak ezabatu nahi ditut; ilusioa sorrarazten dit horrelako gauzak egitea. Nahi dut jendeak pentsaraztea, hausnartzea eta enpatia edukitzea. Jendeari nire gaitasunak erakusteko aukera bat da.
Hau esan zenuen beste antzezlan batean: «Gustatuko litzaidake telebistan agertzea Enrike naizelako eta ez Downen Sindromea dudalako».
Bai, aktore gisa esan nuen, baina errealitatean ere hori pentsatzen dut. Nire ametsa da edozein aktorerena bezala, jendeak Enrike ezagutzea, eta ez ilehoria naizelako edo Downen Sindromea dudalako. Horretarako, lan pila bat egiten dut egunero, beste edonork bezala.
Noiz eta nola hasi zinen antzerkigintzan?
Oso txikia nintzenetik izan nuen interesa. Lehendabizi, talde batean ibili nintzen, Irungo Legaleon antzerki taldean, Ana Perez irakaslearekin. Esperientzia oso ona izan zen, eta ikaskideekin ere gustura ibili nintzen.
Nolakoa izaten ari da zure ibilbidea aktore gisa?
Nire lehenengo esperientzia Martin telesailean izan zen, estra moduan. Ordutik, denetarik egin dut: inklusioa landu dut, adibidez, Jendartean bidaide antzezlanean; Atzegi elkarteko film laburretan aktore zein tekniko lanak egin ditut…
Film labur berezi bat egin duzu duela gutxi.
Bai: Aqui es posible. Orain ari gara zabaltzen hemen eta baita nazioartean ere, eta oso pozik nago lanarekin. Duela gutxi, Gironako jaialdian sari bat eman ziguten!
Esperientzia polita izan da inklusioa izan delako gai nagusia. Izan ere, laburra egin dugunon %50 desberdintasunak ditugunok osatzen dugu. Horrela, erakutsi dugu zinema egiterakoan, edozein arlotan, denok dugula parte hartzeko eskubidea. Asko gustuko dut borrokatzea gizartea toleranteagoa izan dadin.
Uste duzu gizartea gero eta toleranteagoa dela?
Nire ustez, gauzak hobetzen ari dira, baina oraindik asko dago egiteko, irekiagoak izan behar dugu. Elkarrizketa hau baliatu nahi dut esateko komunikabideek ere baduzuela ardura bat, aniztasuna dagoela erakusteko.
Nolakoa da agertokira igotzea?
Egia da, hasieran, urduri samar sentitu izan naizela, baina asko gozatzen dut eta gustatzen zait publikoak ondo pasatzea, ikusleei irribarre bat sorraraztea. Polita da sentimendu nahasketa moduko bat delako.
Publikoarekin konektatzea lortzen duzu?
Ez da erraza, baina hori izaten da nire helburua. Horretarako, sortzailea izaten saiatzen naiz, estrategiaren bat erabiltzen dut ikusleen arreta pizteko, haiek parte hartzeko nolabait….
Bihar publikoa aldatuz joango da, emanaldia hirutan errepikatuko baituzu.
Bai, oso dibertigarria izango da. Jende desberdina ikusiko dut, eta, beharbada, bakoitzari desberdin eragingo dio nire antzezlanak. Hori bai, nire asmoa umorea gailentzea da, bizitzaren alde polita erakustea. Marioren bakarrizketa lehenago antzeztu izan dut, baina etorri den publikoa ez da oso gaztea izan. Ea Kontadoresera jende gaztea etortzen den!
Antzerkia
II. MIKROANTZERKI MARATOIA
Noiz. Abenduaren 16an, larunbata, 18:00etatik aurrera.
Lanak.
Inor ez dator, Amaia Irazabal; euskaraz; 18:30ean, 19:15ean eta 20:00etan.
Marioren bakarrizketa, Enrike Amilibia; euskaraz; 18:45ean, 19:30ean eta 20:15ean.
El viaje de Conchi, Vega Iguaran; gazteleraz; 19:00etan, 19:45ean eta 20:30ean.
Non. Bidebietako Kontadores Zentroan.
Sarrera. Doakoa.