Auzoko hezkuntza publikoa defendatu nahi duten guztiak elkartu nahi dituzte asteartean, hilak 19, Kontadoresen egingo duten batzar irekian.
Eusko Jaurlaritzak Bidebietako Institutu publikoa ixteko duen asmoaren aurrean, auzotar, guraso eta ikasleak batu dira. Gaur prentsaurrekoa egin dute,
Bidebieta bizirik eta
hezkuntza publikoaren defentsan lelopeetan. “Ikastetxe publikoa ixtea oso kontu larria da, gizarte baten gainbeheraren adierazle garbia”, nabarmendu dute. Gaiaren inguruan hitz egiteko, abenduaren 19an, asteartean, auzoko batzar orokorra egingo dute, 19:00etan, Kontadores Zentroan.
Hasteko, salatu dute administrazioak langileekin, horien ordezkariekin eta bertako hezkuntza komunitate osoarekin izan duen jarrera: “Ikasleak badaude, baina Donostiako kanpoaldean kokatutako ikastetxe honek diru publikoz hornituriko 3 itunpeko ikastetxe ditu inguruan. Auzoko ikasleek arteko hierarkia indartzeko soilik balio duten itunpeko ikastetxeak, eskola publikoak geto bilakatzera daramatzaten eskolak, alegia. Horregatik, ez da harritzekoa erroldaturiko ikasleen %10 soilik matrikulatzea eskola publikoan”.
Alboratuak
Bestalde, nabarmendu dute aspaldi ez duela administrazioak inbertsiorik egin “zaharkitutako” Bidebieta Institutuan: “Beraz, Pasako ikastetxearen irekiera da benetako arrazoia? Nahiz eta gobernua egoera zuritzen saiatu, guretzat argi dago hemen duguna hezkuntzaren logika neoliberalaren muturreko ondorioa dela, administrazioak aspaldi alboratu baitzuen, dirudienez, lehen mailakoak ez diren Bidebietako ikastetxea eta ikasleak”.
Hezkuntza saila eurekin harremanetan jarri ez denez, ondorengo gaiak argitzea eskatu diote: tartean, ikasleei zein irtenbide emango zaien, zein ikasteetara bidaliko dituzten, talde kohesioa nola mantentzea pentsatzen duten, auzoan zer nolako eragina izango duen, zer gertatuko den langileekin.
Hala, Eusko Jaurlaritzari exijitu diote egoerari lehenbailehen irtenbidea bilatzea, ikastetxea itxi ez dadin eta arestian egindako galderei erantzuteko. Era berean, kaltetutako familia, ikasle, auzokide eta langileekin biltzeko eskatu dute. “Hezkuntza ez da errentagarria izan behar, Bidebieta eta Donostiako auzoei dagokien eskubide bat da”.
Gasteizen egon dira
Prentsaurrekoaren ostean, Bidebietakoak Parlamentura joan dira, Gasteizera, euren kezka azaltzeko. Cristina Uriarte Hezkuntza kontseilariari zuzendu dira, eta azken honek zabalik utzi du atea institutuaren inguruan, eta ardura jarri su hiru arlotan: zentroaren inplikazioan, hezkuntza komunitatean eta matrikulazio kopuruan.
Bihar auzoaren 50. urtemuga ospatuko dute Bidebietan, eta une hori baliatuko dute auzokideak gaiaz kontzientziatu eta informatzeko. Horretarako, 500 eskuorri baino gehiago prestatu dituzte.