Hasi dira Topo igarobidearen lanak Antiguan. (Argazkia: Metroa Gelditu Antiguan)
Topoaren igarobidea egiteko lanak hasi dira Antiguan eta Eguzki talde ekologistak salatu du hainbat zuhaitz bota dituztela Pio Baroja eta Zarautz hiribidearen inguruan. Metroa Gelditu Antiguan plataformak, berriz, azaldu du lanen hasierak “oraindik zalantza gehiago” sortu dituela bizilagunen artean eta, horregatik, bilera bat egin zutela herenegun.
Datozen egunetan ere topo igarobidearen aurkako mobilizazioekin jarraituko dute. Asteartean elkarretaratzea egingo dute 10:00etan, udaletxean, Mirakontxa-Easo zatiak kalteturiko ondasunak okupatu aurreko akten sinatzea salatzeko. Bestalde, asteazkenean martxa bat egingo dute Aldunditik udaletxera. Egun horretan udalbatzarra egingo dute udaleko alderdiek eta bertan eskatu nahi dute “metro igarobidea geldiarazteko eta auzi honetan herritarren partaidetzari bideak irekitzeko”.
Udalak, berriz, gutun bat igorri die Antiguako hainbat bizilaguni orain dela aste batzuk leherketak egingo zituztela iragarriz jasotako gutunak faltsuak zirela esanez. Bertan azaldu du gezurra dela leherketen aurretik sirena hots bat entzungo denik. Gaineratu du leherketak salbuespeneko neurri gisa soilik erabiliko direla, baina halere, praktika hauek guztiz legalak direla.