Amaia Martin Irabaziko zinegotziak eta Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotzia, prentsa agerraldian.
Bidebietako institutua ixteko asmoa du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2019-2020 ikasturterako. DBH eta Batxilergoa eskaintzen duen ikastetxe publiko bakarra da auzo horretan, eta 180 ikasle ditu. Erabakiaren aurrean, EH Bildu eta Irabazi Donostiaren udal taldeek Bidebietan hezkuntza publikoa bermatzeko eskatu diote Eneko Goia alkateari.
Bi udal taldeek jakitera eman dutenez, ikastetxeak zituen bi eraikinak batzeko proiektu bat zegoen, horietako bat birgaituz. Azaldu dutenez, ikasle, irakasle, langile eta familientzat onuragarria izango litzateke DBH eta Batxilergoa eraikin berdinean kokatzea. Ordea, Jaurlaritzaren asmoa beste bat da.
Egoeraren aurrean, EH Bilduk eta Irabazik azpimarratu dute udalak donostiarren eskubideak eta interesak defendatu behar dituela. Hori dela eta, asteazkeneko udalbatzari begira eskaera batzuk plazaratu dituzte:
- 1. Donostiako udalari eskatzen diogu bere eskuetan dituen bitarteko guztiak jar ditzala Bidebietako institutuaren itxiera ekiditeko.
- 2. Bidebietako zuzendaritzarekin eta auzoaren hezkuntza komunitatearekin biltzeko eskatzen diogu Udalari, Bidebietarako eta inguruko auzoetarako zerbitzua emango duen ikastetxe publiko bati buruzko hausnarketa egiteko.
- 3. Donostiako udalak Eusko Jaurlaritzaren aurrean Bidebietako Institutuak egiten duen lana babestu behar du eta, era berean, auzorako kalitatezko hezkuntza proiektu publikoa adostu behar du Jaurlaritzarekin.
- 4. Udalari eskatzen diogu auzoan herritarrekin bilera ireki bat egin dezala, institutua dagoen egoera azaltzeko eta udala egiten ari den kudeaketen berri emateko.