Pilotegi bidea. (Argazkia: Igeldoko Herri kontseilua)
Igeldoko Herri kontseiluak Pilotegi bidea guztiz konpontzeko eskatu dio udalari. Aspalditik datorren eskaria da Pilotegi bidea asfaltatzearena. “Urtez urte egoera okerragoan aurkitzen da eta udalak hau konpontzeko asmoa azaldu zuenean poztez hartu genuen berria”. Dena den,
azaldu dute proiektua “desilusioz” jaso dutela: “Bide zati batzuk bakarrik konponduko dira eta lehengo zoru egoeran mantenduko da”.
Azaldu dute bistakoa dela orokorrean bidea oso gaizki dagoela: “Malda handietako bi lekutan zorua oso gastatua dago”. Gaineratu dute eguraldi txarra egiten duenean, oso erraz irristatzen dutela gurpilek eta ezusteko bat baino gehiago egon dela.
Azaldu dute Behemendi landa garapen elkarteak bere ebaluazioetan lehentasuna eman diola Pilotegi bideari, nekazaritza ikuspegitik lehentasunezko baserriei zerbitzua ematen dielako, eta horregatik finantzatu dutela orain egingo diren lanen aurrekontuaren %45a. Hori dela eta, udalak aurrekontu handiagoa prestatu beharko lukeela uste dute.
Horrez gain, lanak hasten direnean Igeldoko Herri Kontseiluari jakinarazteko eta lanen inguruko informazioa helarazteko eskatu diote udalari.