Oribe lortutako domin batekin (Argazkia: Servimedia).
Donostiako igerilari paralinpiko
Richard Oribe izan da
bozkatuena 2018ko Urrezko Danborra eskuratzeko. Aurreko astean zehar, herritarrek bozkatzeko aukera izan dute –6.000 boto baino gehiago erregistratu dira–, eta gaur bertan eman du Eneko Goia alkateak emaitzaren berri. Hala, hautagai irabazlearen izena
urtarrilaren 11ko ezohiko udalbatzarrean berretsi beharko dute agintariek. Behin berretsita, Oribek urtarrilaren 20an jasoko luke Urrezko Danborra, udaletxean bertan.
101 hautagai proposatu zituzten herritarrek Urrezko Danborrerako, eta Bozeramaile Batzordeak bost aukeratu zituen:
Maialen Chourraut kirolaria, Esther Ferrer artista, Dolores Redondo idazlea, Richard Oribe igerilaria eta Alicia Amatriain dantzaria. Horien artean bozkatu dute donostiarrek, eta Oribe izan da bozka gehien jaso dituena.
Guztira
6.135 donostiarrek, 2.630 gizon eta 3.505 emakume, bozkatu dute. Adinei erreparatuz gero, bozkatu duten 500 donostiarrek 16 eta 25 urte artean dituzte; 863, 26 eta 35 urte artean; 1.388, 36 eta 45 urte artean; 1.429, 46 eta 55 urte artean; 1.172, 56 eta 65 urte artean; 563, 66 eta 75 urte artean; eta 220, 75 urte baino gehiago.
Donostiako alkateak adierazi du, bost hautagaiek ondo baino hobeto ordezkatzen dutela gure hiriaren balioak: “Eta
Richard Oribek ordezkatzen du zailtasunei aurre egiteko eta aurrera jarraitzeko gaitasuna. Inklusioaren erreferente da, eta hori da, hain zuzen ere, Donostiarentzat nahi duguna, hau da, guztiontzako hiria izatea”.
Richard Oribe (Donostia, 1974)
Garuneko paralisi lesio baten ondorioz, igeriketa izan zen Richard Oribek egin zuen terapia. Aspaceren Dordoka klubean egin zituen lehen urteak, eta ondoren, 1998tik aurrera, Konporta Kirol Elkartean ari da. Sei Joko Paralinpikoetan hartu du parte: Bartzelona, Atlanta, Sidney, Atenas, Beijing eta Londresen. Guztira 16 domina lortu ditu, 9 urrezko, zilarrezko 5 eta brontzezko 2. Munduko bost txapelketetan hartu du parte eta 22 domina lortu ditu 12 urrezko, zilarrezko 7 eta brontzezko 3. 48 alditan munduko hainbat errekor hautsi ditu 50, 100, 200 eta 400 metroko estilo librean. Nazioarteko txapelketetan guztira 135 domina jaso ditu. Europako Txapelketan 7 alditan parte hartu du eta 28 domina lortuz 22 urrezko eta 6 zilarrezko, hain zuzen ere. 2008ko Kirolari Onenaren Euskadi Saria jaso zuen, Leire Olaberria txirrindulariarekin batera.
Kirolaz gain, bestelako sariak ere bildu ditu:
- Donostiako Udalak Herritar Merezimendu Domina eman zion 2007an.
- Kirol merituaren domina jaso zuen Espainiako Errege-erreginaren eskutik.
- Joko Garbia saria jaso zuen 2011ean Lausanne-n, Suitzan.
- Ramon Rubial Fundazioak Euskal Kirolariaren saria eman zion 2011ean.