Txillardegiren omenezko horma irudi bat egingo dute Antiguan
Txillardegi Liburutegia herri ekimenak antolatuta, aurten ere, bere heriotzaren seigarren urtemugan, politikan, literaturan eta euskararen normalizazioan Txillardegik egindako ekarpena aztertuko dute.
Gainera, aurten kalera atera nahi dute Txillardegiren omenaldia, horma irudi bat egingo baitute Antiguan, Gaskonia plazan. Urtarrilaren 14an inauguratuko dute, 12:00etan. Parte Zaharrean bizi zen Txillardegi, baina Antiguakoa izan zen, eta “antiguatar gelditu naiz sentimenduz”, esan ohi zuen. 1929ko irailaren 27an jaio zen, Donostiako Antigua auzoko Amilibia kaleko (gaur egun, Zumalakarregi kalea) 579. zenbakian.
Egitarauaren barruan bi hitzaldi egingo dituzte. Lorea Agirrek eta Alaitz Aizpuruk Txillardegi, errotikako gogoeta hitzaldia emango dute urtarrilaren 11n. 19:30ean, Parte Zaharreko Doctor Camino liburutegian. Fito Rodriguezek Txillardegi intelektuala hitzaldia emango du urtarrilaren 18an, 13:00etan, Ibaetako Filosofia eta Antropologia fakultatean.
2012ko urtarrilaren 14an hil zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi politikari, hizkuntzalari eta idazlea Donostian, etxean, 82 urte zituela. Geroztik, hainbat lagun haren emaria zabaldu eta azpimarratzeko jarduerak eta egitarauak osatu dituzte.