Kataluniari babesa adierazteko manifestazioa egingo dute San Tomas egunean
Visca la República Catalana! Desobedientziaz, haustura, independentzia! lelopean manifestazioa deitu du Ernaik abenduaren 21ean, San Tomas egunean 12:30ean Bulebarretik hasita.
Katalunian hauteskundeak egingo dituzte ostegunean: “155 artikulua inposatu ondoren egingo dira, herritarrak kolpatuta, Puigdemont presidentea deserrian, hainbat kontseilari zein ekintzaile kartzelan, eskuin muturra mehatxuka, hedabideak gezurretan”. Salatu dute urriaren 1ean erreferendum demokratikoan kataluniarrek errepublikaren aldeko hautua egin ondoren, “indarren arrazoi hutsez” erantzun duela Espainiako Estatuak.
“Franco diktadorea hil ondoren, 78an zerbait axaleko aldaketa eginez, frankismoaren oinarrizko zutabeak lotuta eta ondo lotuta utzi nahi izan zituzten”. Dena den, azaldu dute indarra edukitzea eta indartsua izatea ez dela berdina: “Nahi beste polizia eta militar izanagatik, politikoki sekula baino ahulago daude egun”.
Hori dela eta, elkartasuna erakusteaz gain, desobedientziaz, haustura eta independentziarako bidea egin behar direla uste dute: “Bada, orain eta hemen, erregimen hori eraisteko aukera errealak ditugu. Kataluniarrak handik bultzaka ari diren honetan, euskal herritarrok hemendik gogor bultza eginez gero behin betiko botako dugu”.