Guar goizean udalean egin duten elkarretaratzea. (Argazkia: Satorralaia)
Ostiral eguerdian
Zarautz hiribidearen inguruan Topoaren igarobidea egiteko lanetan ari ziren bi langileri eraso egin zietela salatu zuen Euskal Trenbide Sareak ohar baten bidez. Orain Satorralaia bizilagunen mugimenduak gezurtatu egin du eta gertatutakoaren inguruko azalpenak eman ditu.
Azaldu dute ostiralean elkarretaratzea egin zutela Antiguako hamabost bizilagun inguruk Zarautz etorbideanTopoaren igarobidearen lanetarako egiten ari zen zuhaitz mozketa salatzeko eta lan horiek geldiaraztea eskatzeko: “Bildutakoek ez zieten ordea langileei inolako erasorik eta mehatxurik egin, metroaren bultzatzaile Euskal Trenbide Sareak (ETS) protestaren ondoren zabaldutako agiri batean leporatu nahi izan digunten moduan”. Salatu dute ETSko arduradunek “obra faraoniko eta anti-ekologiko” hori defendatzeko argudiorik ezean, iritzi publikoa” intoxikatu “eta Satorralaiaren jarduera “gezurrekin nahastu “nahi dutela.
Bestalde, Satorralaiak zuhaitz mozketa hauen inguruan salaketa bat aurkeztuko du udalean, “Moyua eraikuntza enpresak Pio Barojan eta Zarautz etorbidean zuhaitzak botatzean proiektuan aurreikusitako eragin azalera baino %40 handiagoa hondatu duelako”: “Zarautz etorbideko zuhaiztian, esaterako, 400 metro kuadro inguruko azalera hartu eta moztekoak ziren, baina 1000 metro kuadro harrapatu dituzte, Donostiako hirigintza planaren arabera”.
Datozen egunetan topo igarobidearen aurkako mobilizazioekin jarraituko dute. Gaur elkarretaratzea egin dute 10:00etan, udaletxean, Mirakontxa-Easo zatiak kalteturiko ondasunak okupatu aurreko akten sinatzea salatzeko. Bestalde,
bihar, asteazkena, martxa bat egingo dute Aldunditik udaletxera, 17:30etan aterako dira Gipuzkoa plazatik. Egun horretan udalbatzarra egingo dute udaleko alderdiek eta bertan eskatu nahi dute “metro igarobidea geldiarazteko eta auzi honetan herritarren partaidetzari bideak irekitzeko”.