Ikerketaren emaitzen berri eman dute.
Donostiako Udalak egindako ikerketa baten arabera, hiriko ikasleen %58 autoan joaten da ikastetxera. %28 oinez, %13 garraio kolektiboan eta %1 bizikletaz. Gazte horien %70 bataz beste ikastetxetik 30 bat minutura bizi da.
Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak eta Cesar San Juan EHUko Ingurumen Psikologiako irakasleak eman dituzte ikerketaren emaitzen berri. Gurasoek ikasten ari diren seme-alaben joan-etorrietarako ibilgailu pribatua zein arrazoi eta faktorerengatik aukeratzen duten jakitea zen helburua.
Hiriko hiru ikastetxetako Lehen Hezkuntzako ikasleen 352 gurasok hartu dute parte ikerketan. Ikastetxeak desberdinak dira tamainaz eta kokalekuz. Seme-alabek ibili beharreko oinezko ibilbideak sortzen zien beldurra edo konfiantzarik eza dira gurasoek ibilgailu pribatua aukeratzeko arrazoi nagusiak. Beldurren artean, sexu erasoei edo bahitzeari, eraso fisikoari eta auto batek harrapatzeari dietena aipatzen zuten.
“Lortu nahiko genukeena da gurasoak konturatzea gure inguruko hiriak seguruak direla eta gure seme-alabek badutela nahikoa ardura ikastetxera modu aktiboan joateko”, adierazi du Aranak. “Denon artean hiri lagunkoiago bat eraikitzen hasteko modu bikaina litzateke hori”, gaineratu du.