Kalera atera dira Topoaren igarobidearen aurka
Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta protesta egin zuten atzo hainbat lagunek Topoaren igarobidearen aurka. Hasteko, martxa egin zuten aldunditik udalera, giza katea egin zuten ondoren, eta, azkenik, eserialdia. Partaidetzari bai: metroaren inposaketarik ez! lelopean egin zuten protesta.
Satorralaiak azaldu du birritan eskatu diola Eneko Goia alkateari Topoaren igarobidearen egitasmoa geratzeko eta garraio publikoko soluzio egokienaren inguruan bide parte hartzaileak irekitzeko: “Gure eskaera guztiak paperontzira joan dira ordea, eta erakundeek ez dute inongo borondaterik agertzen herritarren partaidetzarako bideak irekitzeko edota metroaren pasantearen inguruan jendarteak duen iritzia ezagutzeko kontsultarik egiteko”. Gogorarazi dute ia 9.000 sinadura bildu zituztela Gipuzkoako Foru Aldundiari herri galdeketa bat egin zezan eskatzeko eta ezezkoa jaso zutela.