Dock of the Bay jaialdiaren egitaraua aurkeztu dute
Urtarrilaren 6tik 13ra bitartean, zinema eta musika uztartuko ditu ohikoa duen bezala
Hogeina musika-dokumental, lau kontzertu, zinemaren eta musikaren inguruko mintegia, argazki erakusketa eta argitalpen baten aurkezpena. Hori da Dock of the Bay jaialdiaren 2018ko egitarauaren laburpena. Urtarrilaren 6tik 13ra bitarte, eta hamaikagarren urtez, eskaintza zabala izango du Donostiako zinema dokumentalaren jaialdiak. “Hamarkada berriari publiko egonkorrarekin eta indarrez ekingo dio”, azaldu du Eva Rivera jaialdiaren zuzendariak, Viktoria Eugenia antzokian eskainitako aurkezpenean. Nazioarteko 20 dokumental aurkeztuko ditu jaialdiak. Programazioaren helburua izango da, Charlie Parker saxofoi-jotzailearen edo La Chana flamenko dantzariaren moduko izarrak ikuspuntu berri batetik ikustea, nahiz musika-genero anitzak erakustea musika elektronikoa azpimarratuz. Izan ere, elektronika ardatz izango duten hiru film lehiatuko dira aurten Sail Nagusian. Dokumental Onenaren Saria eskuratzeko lehiatuko diren zortzi pelikulez gain, Perfect Day sailak nazioarteko dokumental esanguratsuenak jasoko ditu. Zazpi film aurkeztuko dira, eta nabarmentzekoak izango dira 2014ean Apollo Theaterren eskainitako soul kontzertu ahaztezinari buruzko Living on Soul edo 90eko hamarkadako frantziar musika elektronikoa aztertzen duen French Touch dokumentala. Paint it Black atzerabegirako atalak Tony Palmer dokumental egilearen lau lan proiektatuko ditu. Jaialdiak sail honen bidez omenduko du Palmer, obra garrantzitsua utzi duen autorea. Ekitaldi paraleloen artean, Ikusle Berrien atalak musikari buruzko dokumentaletara eta zinemara gerturatzen ditu Gipuzkoako institutuetako gazteak. Aurten Marley filmaz gozatuko dute, hau da, Bob Marley jamaikar musikari ahaztezinari buruzko dokumentalaz. Erakusketa bat, literatura eta musika Dokumentalez gain, Dock of the Bay jaialdiak Narratiba zatikatuak, Memoria Birtualak erakusketa antolatu du Kutxa Kultur jaialdiarekin elkarlanean. Bertan, Gipuzkoako sei emakumezko argazkilarik emakumeak sare sozialetan duen irudia islatuko dute. Literatura ere ez da jokoz kanpo geratuko, Felipe Cabrerizo idazlearen Johnny Hallyday. A toda Tralla biografiaren aurkezpena antolatu baitu jaialdiak Expediciones Polares argitaletxearekin eta Psycho Beat liburu bildumarekin elkarlanean. Musikak ere bere lekua izango du. Kokoshca taldearen kontzertuak nahiz Psycho Beat! DJ, Guille Milkyway eta Cachitos de Hierro y Cromo telesaileko disko-jartzailearen saioek giro berezia emango diote jaialdiari. Informazio osagarria topatuko duzue jaialdiaren