(Argazkia: Ataria)
Zuzendari berria izango du Etxepare Euskal Institutuak 2018tik aurrera.
Irene Larraza gipuzkoarrak hartuko du Miren Arzalluzen lekua. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak aste honetan iragarri du Arzalluzek institutua utzi duela eta Parisko Pallais Galliera modaren museoaren zuzendaria izango dela.
Kulturaren munduan eskarmentua pilatu du Larrazak. Komunikazio Zientzietako lizentziaduna da, eta askotariko lanak egin ditu komunikazioaren eta kultur kudeaketaren eremuetan. Herri Irratian esatari eta erredaktore lanetan aritu zen hiru urtez, eta beste hainbeste denbora eman zuen Koldo Mitxelena kulturuneko Sustapenaren eta Hedapenaren arduradun gisara. Bestalde, Syntorama musikarien ordezkaritza agentziako Sustapenaren, Komunikazioaren eta Editorialaren arduraduna izan zen zortzi urtez.
2008tik 2012ra bitarte, berriz, Tolosako udalean aritu zen lanean, Kulturako koordinatzailea eta zuzendari gisa. 2012az geroztik, Etxepare institutuaren taldeko kidea da. Bertan, Komunikazio arduraduna izan zen aurrena, eta, 2016ko azaroaz geroztik, Kulturaren Sustapen eta Hedapen zuzendaria. 2018 urte hasieratik aurrera, berriz, zuzendari orokorra izango da.