Hainbat zuhaitz moztuta, Antiguan. (Argazkia: Eguzki)
Antiguan egiten ari diren topoaren igarobideko lanetan, baso-mozketaren neurria gainditu dela salatu du Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Hori dela eta, salaketa bat aurkeztu dute gaur, Donostiako Udaletxean.
Hilaren 12tik 15era bitartean, Zarautz etorbidean eta Pio Barojako kiroldegiaren ondoan Moyua eraikuntza enpresak egindako baso-mozketak aurreikusitakoak baino gehiago izan direla azpimarratu dute. “Proiektuan aurreikusitako eragin-azalera baino %40 handiagoa hondatu dute, Donostiako Hirigintza planaren arabera babestu beharreko landare eremuak izanik”.
Lugaritz-Easo tartean “Ingurumen-Inpaktuaren Neurri Zuzentzaileen” ezartzen diren neurriak urratu dituztela gaineratu dute. “Zarautz etorbidean egindako baso-mozketak 1000 m2-ko zuhaitz-eremua kaltetu du, proiektuan aurrikusitako 400 m2-ko okupazio-azalera bikoiztuz. Pio Barojako parke eremuan bota duten zuhaiztiaren azalera, halaber, proiektuan aurrikusitakoa baino handiagoa izan da”.
Duela bi aste Eguzki talde ekologistak hainbat zuhaitz bota zituztela salatu zuen.