
Gabonetako oporraldia bukatuta Zubietan dabiltza Realeko jokalariak. Asier Illarramendi (Mutriku, 1990) ere entrenamenduetara itzulita harrapatu du IRUTXULOKO HITZAk.
Neguko merkatu ireki denean zurrumurruak sortu dira gipuzkoarraren etorkizunaren inguruan. Paris Saint Germain Frantziako Ligako liderrak gipuzkoarra fitxatzeko asmoa duela argitaratu du kirol kazeta batek. “Ez dut horren berririk”, dio Illarramendik. Denboraldia bukatu bitarte talde txuri urdinetik ez dela mugituko esan du: “Realean jarraituko dut, zalantzarik gabe”.
Ligan eta Europa Ligan lana gogor egin beharko dutela uste du Illarramendik. “Lehen itzulian Ligan nahi baino puntu gutxiago batu ditu, nahiz eta bi partida falta itzulia bukatzeko. Dena dela, taldea indarrarekin ikusten dut gora egiteko”. Salzburgo izango du arerio talde txuri urdinak Europa Ligako final-hamaseirenetan: “Ez da batere erraza izango; arerio gaitza da”.
Ostiralean gipuzkoarrari egindako elkarrizketa irakurri ahal izango da astekarian.