Txuleta, errauts eta pikilloekin
OSAGAIAK:
– Txuleta – Pikillo piperrak – Tapioka almidoia – Baratxuria -Tipula – Txile hariak
PRESTAKETA:
Sukaldaritza tradizionala eta modernoagoa uztartzen dituela dio Paul Arrillagak, Zazpiko sukaldean. Sukaldaritza tradizionala oinarri hartuta, txuleta pintxoa da sortu duenetako bat.
Txuletari koipe guztia kentzen diote; koipe hori urtu egiten dute, eta baratxuri birrinduekin nahasten dute, likido egoeran geratu arte. Koipe hori almidoiarekin nahasten dute, hauts moduan geratu arte. Aldi berean, labean tipula erretzen dute, hauts egin, eta beste hautsarekin nahasten dute. Horrela, dena nahastuta, brasa moduko errauts bat osatzen dute. Bestetik, pikillo piperrekin pure bat egiten dugu. Txuleta egin, eta gainontzekoosagaiak jartzen dizkiote inguruan.
Paul Arrillaga, Zazpi taberna-jatetxeko jabea eta sukaldaria
«Eguneroko menuarekin bezero asko mugitzen ditugu»
Gaztea da Paul Arrillaga, baina ibilbide oparoa osatu du sukaldaritzan. Azken lau urtean, ongi baino hobeto jateko aukera ematen du Erdialdeko Zazpi jatetxean, eta prezio oso onean. Noiztik zabiltza sukaldaritzan? Hamahiru bat urte dira sukaldaria naizela. Handik eta hemendik ibili naiz, Donostian eta Donostiatik kanpo, eta azkenean jatetxe bat hartzea erabaki nuen, nire neskalagunarekin batera. Horrela, martxoan lau urte beteko dira Zazpi jatetxean hasi ginela. Zein eskaintza duzue? Gure eskaintzak bi arlo ditu, batetik, taldean mokadu batzuk jateko aukera dago, eta, bestetik, gastronomia gustatzen zaionak aukera du esperimentatzeko, adibidez, dastatze menuekin. Eguneroko menuarekin bezero asko mugitzen ditugu;?egunero 70 lagun inguruk bazkaltzen dute, eta horietatik 30 baino gehiago eguneroko bezeroak dira, inguruan lan egiten dutenak, batez ere. Gustura zabiltzate orduan, ezta? Bai, pentsa, ireki genuenean bost lagun hasi ginen lanean, eta orain hirukoiztu egin dugu lan taldea. Bereziki niri hemen egitea gehien gustatzen zaidana da miniatura-sukaldaritza, eta jendeari gustatzen zaiola ikusten dut, gehien mugitzen dena da, eguneko menuarekin batera. Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke? Parte Zaharreko Casa Urola.