Balantze positiboa egin du Donostiako Udalak. Azokaren eremua zabaltzea baloratuko dute orain, 2018ko Gabonei begira
Gabonetako Merkatuko argazki-lehiaketaren irabazlea (Argazkia: Alvaro German Vilela)
Azken egunetako eguraldi kaxkarrak asko lagundu ez badu ere, hiriko Gabonetako Azokak harrera ona izan duela nabarmendu du gaur Donostiako Udalak. Izan ere, irekita pasa dituen bost asteetan zehar,
322.031 bisitari gerturatu dira bertara, urtarrilaren 6an itxi zuten arte.
Egun horietan zehar Frantziako pasealekutik pasa direnek hainbat eratako jardueraz gozatu ahal izan dute, kontzertuak, haurrentzako tailerrak, abesbatzak, produktu erakustaldiak eta beste hainbeste ekitaldi eman baitira bertan. Iparraldeko Geltokiaren aurrean jarritako
karpa handitik 20.000 lagun inguru ere igaro direla azpimarratu du baita alkateordetzak.
Aurtengo edizioaren balantzea eginik, Donostiako Sustapeneko antolatzaileek azokak erabilitako eremua aztertzea aurreikusten dute orain, 2018ko Gabonei begira. Merkatua datorren urtean hiriko erdiguneraino zabaltzeko aukera baloratuko dute, Artzain Onaren lekuraino, era horretan, Artisautzako Azokarekin konektatu ahal izateko.